Senatuan berretsi den Iceta Legea ez da nahikoa Hego Euskal Herriko enplegu publikoa kontsolidatzeko

2021/12/22
ELAk Hego Euskal Herriko erakundeei eskatzen die abiatu ditzala plaza kopuru nahikoa izango dituen prozesuak, baita behin- behienkotasuna jasaten duten 70.000 langile publikoen kontsolidazioa bermatzeko prozesuak ere.

Enplegu publikoaren behin-behineko enplegua murrizteko premiazko neurrien legea berretsi du gaur, abenduaren 22an, Espainiako Senatuak (Iceta Legea) euskal alderdi politikoen babesarekin. ELAk proposatutako aldaketak ez dituzte kontuan hartu, eta, tamalez, milaka langile publiko kontsolidatzeko aukera galdu dute.

ELAren proposamenak

Orain dela hilabete Ogasun eta Funtzio Publikoko batzordean onartutako akordio ezagutu genuenean, ELAk adierazi zuen ez zela nahikoa, uztaileko Errege Lege Dekretua baino hobea izan arren. Izan ere, kontsolidazio prozesuetatik kanpo edo oso egoera zailean uzten zituen milaka langile bereziki osasungintzan eta hezkuntzan, hots, behin-behinekotasun handiko sektoreetan. Arlo horietan lanpostu asko estrukturalak izan arren, ez baitaude etengabe beteta, eta ezaugarri hori da kontsolidatzeko zuzenketetan jasotako baldintzetako bat, besteak beste.

Horregatik, Euskal alderdi politikoei ondorengo aldaketak txertatzeko eskatu genien gainerako izapidetzan:

  1. Euskal Herria kontsolidazio prozesu garantistak egiteko oztopoak kendu.
  2. Kontsolidazio prozesu horietako deialdian jaso behar dira behin-behineko langileek betetako postu estruktural guztiak, baita formalki sortuta ez daudenak ere.
  3. Kontsolidazio prozesuok gauzatu behar dira meritu lehiaketa garantisten bidez, enplegua finkatze aldera.
  4. Lege aldaketak prozesu guztietan aplikatu behar dira, argitaratuta egonda zein ez.

Tamalez, onartutako legeak ez ditu proposamen horiek jaso. Hori gutxi ez, eta Euskal Herriko alderdi politikoek ere babestu dute Estatuak autogobernua urratzeko aukera, aldaketa egiteko sabai gisa onartzen baitute.

ELAk Hego Euskal Herriko erakundeei eskatzen die abiatu ditzala plaza kopuru nahikoa izango dituen prozesuak, baita behin- behienkotasuna jasaten duten 70.000 langile publikoen kontsolidazioa bermatzeko prozesuak ere.

ELAk erakunde guztietan mobilizazioari eutsiko dio langile publikoak kontsolidatu eta pribatizazioari atea itxi arte.