Bizkaiko autoeskoletako patronalak ez du proposamenik aurkeztu negoziazio mahaian
Bizkaiko autoeskoletako langileek mobilizazioekin jarraituko dute. Izan ere, patronala inolako proposamenik gabe agertu zen ELAk Lan Harremanen Kontseiluan deitutako mahai negoziatzailera. APAVIk ez zuen adostasunetara gerturatzeko eta gatazka bideratzeko inolako asmorik agertu bileran, eta, ondorioz, langileek urriaren 25etik 29rako deitutako greba deialdiari eutsiko diote.
Orain arteko mobilizazioak
Mahai negoziatzailea sindikatuen ekimenez ireki zen orain dela urtebete. Bederatzi bileren ondoren, ez zen patronalaren aldetik Lan Hitzarmena berritzeko balizko proposamenik mahai gainean jarri. Ekaina eta uztaila bitarte, 5 greba egun eta irailaren 20tik 24ra aste osoko greba gauzatu zituzten langileek lan baldintzak erregularizatu, duindu eta hobetuko dituen edukidun lan hitzarmenaren alde. Patronalak, ordea, ez du gatazka bideratzeko beharrezko litzatekeen proposamenik helarazi.
Azken bilera uztailaren 28an izan zen, eta patronalaren balizko proposamen ezaren aurrean, ELAk argi adierazi zizkion adostasunak erdietsi ahal izateko edukien nondik norakoak. Iraileko aste osoko greba ondoren, ez da patronalaren aldetik inolako proposamenik helarazi, ordea. Aste horretako azken greba egunean, irailak 24an, idatziz sindikatuak gatazka bideratzeko proposamenak egiteko eskaera luzatu bazion ere. Ohiko izaten ari dira ostera grebalarien aurkako mehatxu eta presioak. Hori horrela, ELAk mobilizazioei jarraipena emateaz gain, Urriak 25etik 29ra beste bost greba egun deituz, patronala mahai negoziatzaileko bilera batera deitu zuen urriak 20rako. Gatazka bideratzeko balizko proposamenekin agertzeko eskatuz berriro ere.
Langileen eskaerak
Langileek 11 urte daramatzate Lan Hitzarmena berritu gabe, eta sektoreko soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak oro har erabat prekarioak eta kasu askotan irregularrak dira. Gainera, genero arrakala garrantzitsua dago feminizatuenak diren administrazio lanpostuetan.
Sektoreko langileen kolektiboak aurrerapenak eskatzen ditu, batez ere honako alderdi hauetan:
Soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta nagusiki emakumeak, hilean 1.000 euro gordinera ozta-ozta iristen dira.
Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.
Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21: 00etatik aurrera luzatu daitezke sektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.
Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.