Greba sektore publikoan

Sindikatuek epaitegietara jo dute Jaurlaritzak martxoaren 12rako ezarritako gutxieneko zerbitzuen aurka

2024/03/11
ELAk, LABek, CCOOk, STEILASek eta ESK-k Eusko Jaurlaritzak martxoaren 12ko grebari begira ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte, milaka langile greba egiteko eskubiderik gabe utziko dituztelako. Gainera, agindua grebaren bezperan argitaratu izana deitoratu dute, sinetsita daudelako sindikatuek epaitegietan hasitako ibilbidea oztopatzeko asmoz egin dela. Izan ere, martxoaren 9an, sindikatuek aginduaren aurkako demanda aurkeztu zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Demandan, zerbitzu minimoen agindua bertan behera uzteko eskatu zuten, kautelazko neurri gisa, kontrakoak milaka langile greba egiteko eskubiderik gabe utziko zituela argudiatuta. Baina epaia greba eguna baino lehen ez aurreratzea erabaki du auzitegiak, hau da, grebarako eskubidea urratu den edo ez prozesu judizial osoa egin ondoren erabakiko da, ez lehenago.

Otsailaren 13an, ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek martxoaren 12ko greba iragarri zuten EAEko sektore publiko osoan. Erregistroa otsailaren 29an egin zen formalki. Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzak, ordea, ez du gutxieneko zerbitzuen agindua argitaratu eta jakinarazi martxoaren 8ra arte, hau da, sindikatuek greba deialdia argitaratu eta 8 egunera. Gainera, sindikatuekin bildu eta kontrastatu gabe egin dela deitoratu dute, eta gutxieneko zerbitzuak urriko eta abenduko greba egunetarako ezarritakoak baino handiagoak direla, argudio nahikorik azaldu gabe.

ELAk, LABek, CCOOk, STEILASek eta ESK-k adierazi dute ohiko praktika bihurtu dela Lan Ordezkaritzarentzat; izan ere, Lan Ordezkaritzak sistematikoki argitaratzen ditu gutxieneko zerbitzuen aginduak greba egunen bezperan, lehen sindikatu deitzaileekin eta administrazioekin egiten zen bilerari muzin eginez.

Sindikatuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak gero eta zerbitzu minimo handiagoak inposatzen ditu. Osakidetza edo Hezkuntza bezalako sektoreetan, adibidez, gutxieneko zerbitzuen ondorioz, langileen %100 lanera joan beharko dira, egunerokoan langile horiek bermatzen ez diren bitartean. Hezkuntza Publikoan, adibidez, Eusko Jaurlaritzak grebarako eskubiderik gabe utzi nahi ditu hezkuntza publikoko hezkuntza laguntzako espezialista guztiak.