Sindikatuek eta Kristau Eskolak ez dute akordiorik lortu

2019/01/11
Kristau Eskoletako ordezkariek eta sindikatuek izan duten bileran ez da akordiorik lortu. Hala, greba deialdiari eutsiko diote eta urtarrilaren 16tik 25era greba izango da Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan. Sindikatuetako ordezkariek bileraren ostean azaldu dutenez, langileen eskaeretatik oso urrun dago patronalaren proposamena, eta ezin da onartu.

Sindikatuen oharra:

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako patronalek proposamen bat helerazi ziguten sindikatuoi pasa den astean eta proposamen hura azaltzeko aldebiko bilerak gauzatu sindikatu bakoitzarekin.

Asteartean, Urtarrilak 8an, sindikatu guztiok proposamen haren inguruko balorazioa helarazi genien patronalei, proposamena ez nahikotzat joaz. Sindikatu guztiok aurkeztuta daukagun plataforma bateratuko edukiei erantzungo zion proposamen bat mahai gainean jartzeko eskaera ere luzatu genien patronalei.

Gaurko mahai negoziatzaileko bileran ordea, pasa den astean sindikatuoi helarazi eta sindikatuok ez nahikotzat jo genuen proposamena zehaztera mugatu dira. Patronalen proposamena sindikatuok aurkeztuta daukagun plataforma bateratuko edukietatik erabat aldenduta egoten jarraitzen du beraz.

Sektoreko langileok ia hamar urte daramagu hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxeetan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Hau horrela izanik, patronalek ez digute uzten datorren asteko mobilizazio eta grebekin aurrera jarraitu beste biderik.