Tolosaldeako La Asuncion Klinikan akordioa lortu da

2018/05/21
Akordio honi esker eros-ahalmena galtzeari utziko diete, asteko 35 orduetatik gertuago izango dira eta lan-baldintzak lan-erreformaren aurrean babestuta daude. ELA eta LABek gogoratu dute sei urte hauek zailak izan direla eta langileok akordio batera iristeko prestutasunak posible egin duela zuzendaritzak jarrera aldatzea. Beraz, hilabete honetarako aurreikusiak zituzten greba eta mobilizazioak bertan behera uztea erabaki dute.

Langileen Batzordearen agiria:

6 hilabete hauek zailak izan dira; langileok akordio batera iristeko prestutasuna hasieratik adierazi dugu, akordio batera iristeko pausoak emanez. Bien bitartean, enpresak ez du inongo borondaterik izan. Bere helburua langileak desgastatzea izan da, negoziazio mahaia blokeatuz, errealitatea gezurrez estaliz, zerbitzu minimoak ez errespetatuz, aldebakarreko erabakiak hartuz, komitea desprestigiatuz, negoziazio arauak ez betez, langileak presionatuz...

Jon Darponek gidatzen duen Osasun Sailak izan duen jarrera ere lotsagarria izan da. Behin eta berriz eskatu diogu egoera honen aurrean esku hartzea, baina ez du eskatutakoa egin, Tolosaldeako 65000 biztanleak eta Asuncioneko langileak axola ez zaizkiola argi utziz. Tolosaldeako hainbat udaletxetan agintean dauden alderdi politiko batzuek, horien artean EAJ eta PSOE-k, bizkarra eman digute, ez dute inongo interesik adierazi beren begien parean gertatzen ari zenaren eta gertatzen ari denaren aurrean.

Tolosaldeako biztanleek eta bertako eragile sozial desberdinek erabateko elkartasuna adierazi digute. Hauei esker, grebalariei esker, eta beren borondatearen kontra zerbitzu minimoak bete behar izan dituzten langileei esker, enpresak zituen marra gorriak haustea lortu dugu, borroka hau irabaziz. Gure lehenengo enpresa-hitzarmena lortu dugu, hitzarmen honek gure lan baldintzak jasotzen dituen oinarri indartsu bat bermatzen digu, hurrengo edukiekin:

  • Iraupena: 2018 – 2021 (4 urte).
  • Soldata: %1,5 2017. urterako. 2018. urtetik 2021 urte arte, Osakidetzako langileei aplikatuko zaien igoera berbera aplikatuko da, berme minimoa KPI-a izango delarik.
  • Lan jardunaren murrizketa: 40 ordu.
  • Ultraktibitate klausula.
  • Inaplikazio klausula.
  • Ordu estra bakoitza, bi eguneko deskantsuarekin konpentsatuko da.
  • Kontziliazioa hobetzeko pausoak eman dira.
  • Langileek euskara ikasteko %100 subentzioa izango dute.

Akordio honi esker, eros-ahalmena galtzeari utziko diogu, asteko 35 orduetatik gertuago izango gara, gure lan baldintzak lan erreformaren aurrean babestuta daude, gainera hainbat hobekuntza sozial ere lortu ditugu. Beraz, hilabete honetarako aurreikusiak genituen greba eta mobilizazioak bertan behera utziko ditugu. Baina badakigu hau ez dela hemen amaitzen, enpresari eta Eusko Jaurlaritzari dugun gaitasuna erakutsi diegu, beraz, sinatzera goazen hitzarmen hau bere osotasunean betetzeko lanean jarraituko dugu, baita osasun zerbitzua kaltetzen duten irregulartasunen aurka ere.