Udaltzainak, hilean 600 euroren truke

2018/01/10
Orain arte, Ertzaintzan edota EAEko Udaltzaingoko lanpostu ezberdinetan plaza lortu duten pertsonek Arkauten egin ohi zuten formakuntza saioa.

Arkaute, Euskal Polizia eta Larrialdietarako Akademia da. Orain arte, bai Ertzaintzan, baita EAEko udaltzaingoan ere, plaza lortzen zuten langileek ere, sarrerako lehen formakuntza Arkauten egin izan ohi zuten.

Azken urteetan, administrazio ezberdinek aplikaturiko murrizketak eta udaletan izan diren EPE prozesuak asko jaitsi direla eta, Eusko Jaurlaritzak, Arkaute akademiaren zati bat ixtea erabaki zuen eta horrela, instalakuntzak formakuntza ematera mugatu dira. Ondorioz, udaltzain edo ertzain berriek bertan lo egiteko aukerak murriztu dituzte. Gai honetaz ELAk behin eta berriz galdegin du, baina erantzuna berdina izan da beti: Polizien formakuntzan eraginik ez lukeela izango eta beharrezko medioak jarriko zituztela hortarako.

2017-2018 honetan izan diren prozesu ezberdinen bolumena oso altua izanik, Arkaute berri eta murriztu hau txiki geratu da. Ertzaintzako 300 pertsonek, Bilboko 55 eta udal ezberdinetarako udaltzaingoko EPE bateratuko 75 pertsonek formakuntza ikastaroak egin behar dituzte gero udal ezberdinetan lanean hasi ahal izateko.

Eta ez dago guztientzako lekurik. Hainbatek, EAE osoko beraien udal ezberdinetatik Gasteizeraino egunero joan etorriak egin behar dituzte, gastuak beraien kontu hartuz. Are larriagoa da hau, formakuntza honek derrigorrezko izaera baitu eta udal ezberdinek langile hauek ikastaro hau egitera derrigortzen baitituzte. Izan ere, guzti hauek sinaturiko kontratuak, udal bakoitzean udaltzaingo izateko izaera dauka.

Gainera, urte honetan are gehiago, euskal udalek, langile hauen lan baldintzak erabat prekarizatu dituzte. Akademian, derrigorrezko formakuntza jasotzen egongo diren 7 hilabeteetan, langile hauek 600 euroko soldata gordina kobratuko dute. Ez guztiek. Badaude salbuespenak. 600 euro gordinekin hilabete askotan bizi behar dute eta beraien etxeetatik Gasteizera joateak eragingo dien gastua ordaindu ere.

EAEko udal ezberdinetan udaltzaingo lanpostuak betetzeko EPE bateratua behin eta berriz kritikatu du ELAk, eta orain, berriz ere, zalantzan jartzen dugu, Eusko Jaurlaritzak eta euskal udalek, beraien langileen lan baldintzak kontzienteki prekaritzatzen baitituzte.

ELAtik, Arkaute eta Eusko Jaurlaritzari honakoa exijitzen diegu: Arkauteko egoerari irtenbide bat eman diezaiotela; guztiek baldintza berdinetan ikastaroak jaso ditzatela; eta aspirante hauek, hala nahi izanez gero, Arkauten lo egiteko aukera izatea, edo bestela, alternatibaren bat eskaintzea. Jorratu beharreko bide guztiak jorratuko ditugu langileek kostu hauek bere gain hartu ez ditzaten.

Arkauten formakuntza prozesuan murgilduta langileak dauzkaten udaletxe ezberdinei, ELAk exijitzen die beraien langileei ordaintzen dien soldata osoa eta duina izan dadila.