EUSKOTREN

Udan kontratazioa handitzea eskatu du ELAk, segurtasuna bermatzeko

2023/06/22
ELAk salatu du Euskotrenek udako hilabeteetan duen langile faltak zerbitzua okertzen duela eta langileak arriskuan jartzen dituela, gero eta eraso gehiago jasaten baitituzte. Horrekin batera, erabiltzaileak ere babesgabe uzten ditu, are gehiago kontuan hartzen bada egun horietan ekitaldi jendetsu ugari izaten direla, hala nola Aste Nagusiak, herriko jaiak, jaialdiak eta kontzertuak. Bada, sindikatua kexu da une horietan zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea bereziki kaltetzen direla. Horregatik, Euskotreneko Zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die udan langile gehiago kontratatzea. Bestela, mobilizazioak izango direla iragarri dute.

Euskotrenek errepide, tranbia, trenbide eta funikular zerbitzuak kudeatzen ditu eta denetan falta dira langileak. ELAk dio “tamalgarria” dela Euskotrenek zerbitzuaren kalitatea okertzea, langileen eta erabiltzaileen osasuna arriskuan jarriz, arrazoi ekonomikoengatik. Sindikatuak argi dauka zerbitzu publiko horiek pribatizatzeko estrategia bat dela.

Trenbide sarean, adibidez, udan zerbitzu eskaintza nabarmen zabaltzen da, baina langileak falta dira. Ondorioz, geltoki asko itxi beharra dago eta beste asko gaizki zainduta daude.

Langileek aurreko urteko gehiegizko orduak ere ez dira kontuan hartzen, beraz, ez da betetzen indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa, ordu horiek ekainetik irailera bitartean hartu behar direla ezartzen duena.