bizkaiko kiroldegiak eta zelaiak

UGT, LAB eta CCOO sindikatuek sinatutako aurreakordioak ez du erosteko ahalmena bermatzen

2024/05/21
ELAk ez du sinatu Bizkaiko kiroldegi eta zelaietako aurreakordioa, ez duelako jasotzen erosteko ahalmena bermatzeko formularik, eta 2023tik 2028ra arteko indarraldia izango du; ondorioz, sei urtez plantillek ez dute izango lan baldintzak hobetzeko aukerarik.

Bizkaiko kiroldegi eta zelaietako hitzarmena berritzeko 22 negoziazio bilera egin ostean eta ELAk deitutako greba baten ondoren, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek patronalarekin sinatu dute Bizkaian 2.000 langileri baino gehiagori eragiten dien hitzarmena. Aurreakordioak ez ditu barnebiltzen langileek 20 greba egun baino gehiagotan defendatutako aldarrikapen nagusiak; hobekuntzak klaseak prestatzeagatik jaso beharreko plusetan eta jaiegunetako plusetan, igandeetan lan egitearen trukeko plusa sortzea, medikuarengana joateko orduak edo KPIren araberako soldata igoerak... Gainera, lehen aldiz sektorean lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoa erabiltzeko aukera jaso da hitzarmenean. Patronalak azken momentuan txertatu du hori bere proposamenean, eta kontratazio baldintza are gehiago prekarizatzea ekarriko du.

ELAk balorazio negatiboa egin du aurreakordioaz. Langileen % 90 baino gehiagok bat egin du grebarekin, eta aste honetan eta ekainean ELAk deitutako grebak daude martxan. Aurreakordioarekin, ordea, UGTk, LABek eta CCOOk bizkarra eman diote mobilizazioen eta grebaren bideari, eta alferrik galdu da sektorearen aldarrikapenei erantzungo zien hitzarmena lortzeko aukera. ELAk, sektoreko %49ko ordezkaritzarekin, argi du borroka dela langileen aldarrikapenei erantzungo dieten hobekuntzak lortzeko bide bakarra. Horregatik guztiagatik, eutsiko die maiatzaren 20ko asteko eta ekain osorako deitutako lantokietako greba deialdiei.