Unibertsitate publikoaren finantzaketa baxua eta defentsa dira oraindik ere arazo nagusiak EHUn
Ikasturte berria, egoera bera
Duela urtebete, EHUren finantzaketak eztabaida publiko handia sortu zuen, EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko talkaren eta sindikatuen mobilizazio eta salaketen ondorioz. Urtebete geroago, ordea, egoerak berdina izaten jarraitzen du, deitoratu dute. Oraindik ez dakigu zein izango den Eusko Jaurlaritzak 2027rako EHUra bideratuko duen aurrekontua.
Hala ere, aurreko urtearekin alderatuta igoera mugatua izango dela aurreikusten dute. "EHUren benetako beharretatik eta USLOk berak 2030erako ezarritako helburutik oso urrun geratuko da berriro. Gutxienez BPGren % 1 izan behar dela dela, baina gaur egun ez da ehuneko horren erdira iristen”.
"EHUren finantzaketa baxua ez da urtebeteko arazoa, egiturazko arazoa baizik, eta ez da konponduko milioi euro gutxi batzuk emanda", adierazi dute. Zentzu horretan, unibertsitate publikoa Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna ez izatea deitoratu dute.
Aldi berean, egiturazko arazoei aurre egin behar zaie: kolektibo batzuen prekarietatearekin bukatu; langileen promozionatzeko eskubidea bermatu; azken hamarkada eta erdian galdutako erosahalmenari aurre egin eta oinarrizko soldatak igo, exijitutako kualifikazioa kontuan hartuta; sail batzuetan jada dagoen irakasleen erreleborik ezari konponbidea eman; beharrezkoak diren irakasleeta ikertzaile plaza berriak sortzeko blokeoa gainditu; TEKAZEL/IRI ratioa handitu,
premia dagoen zerbitzuetan TEKAZEL lanpostu berriak sortuz; TEKAZEL lanpostuak berrikusi eta baloratu dagokien mailan txertatzeko, 13. eta 14. mailak desagerrarazi eta 15.era igo; azpikontratatutako zerbitzuak (garbiketa, IKT…) publifikatu; berdintasunean eta EHUren euskalduntzean ere pauso asko eman behar dira oraindik… Horietarako guztietarako finantzaketa nahikoa bermatu behar da.
Hezkuntzaren pribatizazioa
Era berean, beharrezkoa den titulazioetan plaza gehiago eskaintzea eskatu dute. Baliabide ekonomiko horiek ez erabiltzeak edo aldaketa horiek ez baimentzeak unibertsitate pribatuen hazkundea sustatzen du, eta dagoeneko ugaritzen ari dira. Euskal Herriko unibertsitate pribatu batzuk EHUk eskaintzen dituen ikasketa berberak eskaintzen ari dira. Azken adibidea EUNEIZek ikasturte honetan eskaini berri dituen erizaintzako graduko 60 plazak dira.
Erakunde publikoek unibertsitate pribatuei babes instituzional eta ekonomiko garrantzitsua ematen dietela salatu dute: lur publikoen lagapenak, azpiegiturak eta bestelako erraztasunak
eskaintzen dizkiete, hala nola Donostian BCCeko Goe eta Gasteizen BCCeko EDA Drinks & Wines zentroak eraikitzeko udal zoruak 75 urtez lagatzea, Gasteizko bus geltokiaren aparkalekua uztea, edota Querejetari Buesa pabiloi publikoa eta Salburua udal eremu berdearen lursailak saltzea. Horiei gehitu behar zaizkie unibertsitate pribatuek diru publikoa jasotzeko irekita dituzten bideak, kontratu programen edota ikerketa deialdien bitartez. EHUri emandako igoera apalak publikoaren aldeko apustu gisa saldu nahi dituzte, unibertsitate pribatuen hedapena sustatzen duten bitartean.
Euskadiko Unibertsitate Legea
Testuinguru horretan, kezka agertu dute prestatzen ari diren Unibertsitateen Euskal Legeagatik. Proposamenak unibertsitate publikoak eta pribatuak euskal unibertsitate sistema harmoniko baten eragile osagarri gisa aurkezten dituela ziurtatu dute. Eta unibertsitate pribatuek diru publikoa jasotzeko aukerak berresten dituen bitartean (irabazi asmotzat jotzen direnak barne), gero eta gehiago lotzen du EHUren finantzaketa arrunta kanpo finantzaketa lortzeko gaitasunarekin.
Gainera, salatu dute unibertsitate pribatuei irakasleen kualifikazioari, euskararen presentziari, zerbitzuen eskaintzari edo baliabide ekonomikoei eta langileen kudeaketari buruz ezartzen zaizkien baldintzak askoz malguagoak direla unibertsitate publikoari eskatzen zaizkionak baino (kontzeptu batzuetan ez dago halakorik).
Horregatik guztiagatik, arlo publikoan, euskaran, euskal kulturan eta unibertsitate sistema burujabe batean oinarritutako unibertsitate publikoaren aldeko mobilizazioak aktibatzearen alde agertu dira.