Urtarrilaren 16tik 25era greba Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek. Izan ere, hamaika bilera ondoren, lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako edukiei ez zitzaien inongo erantzunik eman.
Urtebete luzez mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, elkarretaratzeak, manifestazioak, hainbat kanpaina eta ekintza; eta, besteak beste, langileen babes zabala izan duten bederatzi greba egun gauzatu ditugu urte honetan zehar. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baina hauek ez dute inolako akordiorako borondaterik erakutsi denbora honetan guztian.
Azarorako sindikatuok deitutako lau greba egunen bezpera arte itxaron zuten negoziazio-mahaia deitzeko, alegia, mahaitik altxatu ginenetik urtebetera, eta azken greba egunetatik hilabete bat igaro denean. Azaroaren 16ko bileran egindako proposamena greba egunak desaktibatzeko saiakera bat baino ez zen; ez zeukan negoziatu eta akordioa erdiesteko asmorik. Izan ere, mahaira ekarritako proposamenak ez zuen apenas aurrerapausorik suposatzen 2017ko azaroan -mahaitik altxatu ginenean- egin ziguten proposamenarekiko; ezta azaroaren 21ean posta bidez helarazi ziguten bigarren proposamenak ere.
Aurreko greba eta mobilizazioetan bezala, langileen aldetik babes zabala jaso zuten azaroko lau greba egun horiek ere. Argi erakusten du horrek aldarrikatzen ari garen edukiek langileen babes zabala dutela.
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTren ustez, onartezina da Kristau Eskola eta AICE-IZEIA patronalak gatazka honetan izaten ari diren jarrera oro har, eta bereziki, asteazkeneko negoziazio mahaian izan zutena. Izan ere, azaroko lau greba egunen aurretik egindako proposamen berbera jarri zuten mahai gainean, eduki gehigarririk gabe. Honek agerian uzten du akordioak erdiesteko patronalen aldarterik eza.
Arduragabekeria handia da mahaitik altxatu eta bederatzi greba egun zein urtebete beranduago, langileen aldarrikapenei erantzuten dioten edukirik gabeko planteamendu berdintsuak errepikatzen jarraitzea, negoziazio itxura eman eta mobilizazioa desaktibatzeko nahian inolako aurrerapausorik ematen ez duten bitartean.
Sindikatuok akordioetara iristeko borondatea daukagu, eta prest gaude benetako negoziazio bati ekiteko, ez ordea mahaitik altxatzera eraman gintuen egoera berdinera itzultzeko, edukirik gabeko bilera kate batera, alegia.
Agerikoa bada ere patronalak beraien hasierako posizioetatik mugiarazten ari garela, planteatutako edukiak eskasak dira oraindik ere. Gai batzuk aipatu ere egin gabe jarraitzen dute, eta aipatutakoak gure eskaeretatik urrun daude oraindik. Irakasleen lan kargak arintzeko inolako proposamenik ez dago, ez eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldia nabarmen arintzeko ere. Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko langileen baldintzetan eman da aurrerapausoren bat, baina Hezkuntza Laguntza Espezialisten lan baldintzak nabarmen hobetzeko proposamen dezenterik ez dago. Matrikulazio jaitsieraren ondorioz lanpostua gal dezaketen langileak birkokatzeko akordiorako aurrerapausorik ere ez dago; ezta Lanbide Heziketan lanaldia erregulatzeko planteamendu seriorik ere. Soldaten inguruan Hezkuntza Laguntza Espezialistak proposamenetik kanpo uzten jarraitzen dute, gainerakoentzat 2018rako proposamena erabat eskas geratzen da (%1,2 eta 1,9 bitartekoa), 2019rako egiten dena KPI aurreikuspenetatik behera dago, eta 2017rako proposamenik egin gabe jarraitzen dute, galdutako %12,4ko eroste-ahalmena berreskuratzetik oso urrun, beraz.
Hau horrela izanik, mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste biderik ez digute uzten, eta mobilizazio egutegia adostu dugu sindikatuok, urtarrilaren 16tik 25era bitartean izango diren 10 greba egun barne.
Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei eskatzen diegu beren gain har dezatela langileen baldintzekiko duten ardura zuzena, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari ere dagokion ardura bere gain hartu eta gatazka honetan jokatu beharreko papera joka dezala eskatzen diogu.