ZAINTZEN SEKTOREA

Zaintza sektoreko zerbitzuak publifikatzeko eskatu die ELAk erakundeei eta alderdi politikoei

2025/10/08
Zaintza sektoreko zerbitzuak publifikatzeko eskatu die ELAk erakundeei eta alderdi politikoei
Esparru horretako 500 langile baino gehiago batu ditu ELAk Gasteizen egindako mobilizazioan. Azken hogei urteotan, 25.000 langilek parte hartu dute zaintzan egindako 5.000 greba egunetan

Zaintza profesionalizatuetako ELAko 500 langile baino gehiago batu dira gaur Gasteizen, hala nola, erresidentzietako, eguneko zentroetako, etxez etxeko zerbitzuetako, esku-hartze sozialeko edo aniztasun funtzionaleko langileak, besteak beste. Zaintza lanen publifikazioa eskatzeko Gasteizko Bilbao plazatik abiatu da mobilizazioa, ‘Euskal Zaintza Sistema baten bidean, publifikazioa!” lelopean, eta hainbat geldialdi egin dituzte ekintza bereziak eginez zahar egoitza publiko eta pribatuen aurrean, AGOFE aurrean eta Euskal Legebiltzarraren aurrean. Amaieran, ekitaldia egin dute.

Leire Gallego ELAko ekintza sozialeko arduradunak mobilizazioan salatu du pribatizatutako sektorea dela feminizatutako zaintzarena, eta ondorioz, prekarizatua. “ELAk urteak daramatza sektore horretako lan baldintzak hobetzeko lanean”, ziurtatu du, eta honako datua eman du: “25.000 langilek parte hartu dute zaintzako grebetan azken 20 urteotan egindako 5.000 greba egunetan”. Horri esker zaintzako sektoreko askotan 35 orduko lan jarduna ezarri da, eta “hogei urteotan langile askoren gutxieneko soldata bikoiztu ahal izan dugu”.

Hala eta guztiz ere, prekarizatutako sektorea izaten jarraitzen duela ziurtatu du Gallegok. Horren adibide dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako erresidentzietako greba sektorialak, eta mobilizazioaren eta grebaren beharra aldarrikatzeaz gain, publifikazioa ere ezinbestekotzat jo du: “euskal zaintza sistema publikoa behar dugu kalitatezko zerbitzu duina emateko”. Hori defendatzen jarraituko du ELAk negoziazio kolektiboarekin.

Era berean, publifikazioaren bidean duten erantzukizuna oroitarazi die ELAk erakundeei eta alderdi politikoei, enpresa pribatuen esku uzten dituztelako zerbitzu horiek; bai Nafarroako Gobernuari eta Jaurlaritzari, bai Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Diputazioei, bai Udalei (azken horien esku daude etxez etxeko laguntza zerbitzu asko, esatera).

Gasteizko erresidentzietako Elisa Rodriguez ELAko kide eta langileak emandako lekukotza izan da horren adibide. Izan ere, Araban 50 greba egun eginda ere, langileak hitzarmen estatalarekin jarraitzen dute, gutxieneko soldatarekin. Hala ere, Arabako Aldundiak uko egiten dio negoziatzeari, eta langileak baldintza prekarioetan mantentzen dituela ziurtatu du Rodriguezek.

Amaierako ekitaldian ere lekukotza gehiago entzun dira. Bizkaiko Aspaceko langileak, Arabako esku-hartzekoak, Errenteriako etxez etxeko laguntza zerbitzuetakoak edota Nafarroako erresidentzietako langileak igo dira taula gainera.