Zazpi greba egun gehiago egingo dituzte Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzan

2019/04/16
ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek zazpi greba egun gehiago erregistratu dituzte. Apirilaren 16 eta 17an eta maiatzaren 13, 14, 15, 16 eta 17an izango dira grebak. 1.500 langile baino gehiago ditu sektore honek eta menpekoak diren 8.000 pertsona artatzen ditu zerbitzuak. Greba txanda berriko lehen egunean protesta egin dute grebalariek Bilboko udaletxearen aurrean.

Sindikatuen agiria:

7 urtez soldatak izozturik, 4 urtez hitzarmena berritu gabe, bi urte mobilizazioetan hasi ginenetik, eta urtebete lanuzteak egiten hasi ginenetik. Horixe Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuko gaur egungo egoeraren argazkia. Eta hala ere, sektore honetako sindikatuok 7 greba-egun gehiago deitzeko beharrean gaude, orain arte egindako 26 greba-egunei gehituko zaizkienak.

Argi dago Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren gatazka ito-puntuan dagoela. Patronalek ez dute borondaterik langileen lan-baldintzak duintzeko; aldiz, badute asmoa etekin itzelak irabazten jarraitzeko, diru publikoaren kontura, beti ere. Horiek dira, beraz, udalekin batera, egoera honen errudun nagusiak.

Erakunde publikoei, eta batez ere udalei, dagokie zerbitzu horren ardura; baina zuzeneko erantzukizun hori gainetik astindu nahi dute. Behin martxoaren 8a igarota, erakunde-aldarrikapenak ahanzten zaizkie, antza. Orduan ozen esan zuten emakumeen lan-prekarietatea eta pobreziari aurre egingo zietela, eta zaintza-lanak politika publikoen erdigunean jarriko zituztela.

Etxez Etxeko Laguntza esparru ezin hobea da horrelako asmoak gauzatzeko; orain arte, ordea, ez dute zirkinik ere egin norabide horretan: prestazio-orduak urterik urte gutxitzen eta profesionalen lan-baldintzak hondatuz doaz. Bitartean udalek ez dute konponbiderik bilatzen.

Negoziazio-mahaiaren azken bileran, 2018ko urrian, sindikatuok oinarrizko puntu batzuk ezarri genituen negoziazioa ito-puntutik ateratzeko: malgutasun eta mugikortasun geografiko eta funtzionalari aurre egingo dioren inaplikazio klausulak onartzea (18 artikulua kentzeak aukera ematen du lanaldien malgutasuna muturreraino eramateko); gaixotasunen edo lan-istripuen %100eko osagarritik gaur egun salbuetsita dauden kasuak ez salbuestea (in itinere istripuak, lunbalgiak...) eta KPItik gorako soldata-igoerak 2016, 2017, 2018 eta 2019. urteetarako, galdutako eros-ahalmena berreskuratzen joateko.

Patronalek oinarrizko eskakizun horiek guztiak baztertu zituzten, eta lan-baldintzak are gehiago okertzen tematu ziren: malgutasun handiagoa (orain ere norberaren eta lanaren bizitzak kontziliatzea ia ezinezkoa da), lan-osasun eta segurtasunean neurririk ez hartzea (gaur egun hutsaren hurrengo dira, oso beharrezkoak izan arren), eta eros-ahalmen galtzen jarraitzea. Haien eskaintza prekarietatea handitzea da.

Horregatik guztiagatik, sindikatuok greba-egun gehiago deitzea beste aukerarik ez dugu izan. Hauek greba egun berriak: apirilaren 16 eta 17 eta maiatzaren 13, 14, 15, 16. Gauza bat argi daukagu: langileok berriro beteko ditugu kaleak, 17. 1.500 langile baino gehiago dituen eta menpekoak diren 8.000 pertsona artatzen dituen zerbitzu honen alde, hain zuzen ere.