Zazpigarren greba eguna izan dute Beti-On enpresan, Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza zerbitzu publikoan

2022/04/11
Zazpigarren greba egunean, azpikontratatuta, feminizatuta eta prekarizatuta dagoen Beti-On Eusko Jaurlaritzako telelaguntza zerbitzu publikoko langileek manifestazioa egin dute Bilbon. Bertan salatu dutenez, enpresak ez du soldaten hobekuntzarik negoziatu, ezta kontziliazio neurrietan urratsik egin ere. Manifestazioa udaletxean amaitu da, eta bertan pentsiodunen protestekin bat egin dute. Hurrengo greba egunak apirilaren 25ean eta 30ean izango dira, eta egun horietan ere hainbat mobilizazio egingo dira.

LAB, ELA, UGT sindikatuek osatutako enpresa batzordeak (ESK atal sindikal gisa), Eusko Jaurlaritza egin dute gertatzen ari denaren erantzule zuzen, baita tartean dauden eragile publikoak ere. Izan ere, gogorarazi dute zerbitzu publiko horrek 41 milioi baino gehiago jasotzen dituela diru publikotik, eta Tunstall-Televida-GSR-IMQ ABEEak osatzen duela.

Enpresa batzordeak martxoaren 31n izandako tentsioa ere salatu du; izan ere, enpresako gerentea ordezkari sindikala bulegotik kanporatzen saiatu zen, eta, azkenean, lurrera erori zen.