Zahar egoitzak eta etxebizitza komunitarioak (ARABA)
Zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan arren, grebak jarraipen handia izan du

ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, greba eguna deitu du LABekin batera. Hitzarmenaren negoziazio-mahaia blokeatuta dago duela urte bat baino gehiagotik, patronalen borondate eskasa eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen interes faltagatik. ELArentzat onartezina da zaintza sektore hau erabateko prekarietate egoeran izatea. Soldatei dagokionez, LGSaren inguruan daude, gehiegizko partzialtasuna dago, urteko 1.784 orduko lanaldia dute, gehiegizko ratioak jasan behar dituzte eta lan osasunaren prebentziorik ez dago.
Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen gehiegizko gutxieneko zerbitzuek ez dute grebaren jarraipena zapuztu. Hala, nahiz eta greba egin dezaketen langileak gutxi izan egoitza eta etxebizitza komunitario askotan, jarraipena zabala izaten ari da. ELAk oso positibotzat jo du greba eguna; izan ere, oztopo guztiekin, lankide asko kalera atera dira lan baldintza duinak aldarrikatzeko.
Pentsiodunen mugimenduarekin, senideen kolektiboekin eta mugimendu feministarekin batera egindako lana ere aipatu behar da. Araban zaintza lanak duintzeko prozesuan, ELAk uste du elkarlan hori oso positiboa eta beharrezkoa dela.