GREBA EAE-KO SEKTORE PUBLIKOAN
Zerbitzu publiko hobeak exijitzeko mobilizazioak

Elkarretaratzeetan parte hartu duten ehunka langile eta sindikatuek salatu nahi izan dute zerbitzu publikoek nabarmen egin dutela okerrera eta lan baldintzak okertzen ari direla etengabe azken urteetan. Eta horrek zuzeneko eragina daukala herritarrei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatean.
Pandemiak agerian utzi zituen narriadura horren ondorioak. Hiru urte geroago, egoera hori konpondu beharrean, zerbitzu publikoak indartu beharrean, gure erakundeek, Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiek eta udalek inoizko superabit handiena dute: 10.000 miloi euro bankuetan gordeta dituzten bitartean, gizarte-premiak larriagotu eta zerbitzu publikoak okertu egiten dira nahiz eta batzuk egonezin eta arazo hauek artifizialak direla esaten tematu behin eta berriro.
Argi azaleratu nahi izan dute, egoera honen aurrean ezin dugula beste aldera begiratu, eta erakunde eta alderdi politikoei mezu garbia bidali nahi izan diete: behingoz zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten langileen alde erabakiak har ditzatela.
Eta zehazki zera eskatu dute:
- Estatutik datozen mugak behingoz kentzea, soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzeko.
- Gure erakundeek zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, lan-baldintzak hobetzea ahalbideratuko duten aurrekontuak onartzea.
- %10eko soldata-igoera, azken bi urteetako eros-ahalmenaren galera berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko. Honetaz gain, aurretik galdutako eros-ahalmenaren gaineko zorra aitortzea eta berreskuratzea.
- Enplegu publikoa sortzea eta egonkortzea, benetako behin-behinekotasuna %8ra jaitsiz.
- Arlo publikoa indartzea, pribatizazio berririk ez egiteko konpromisoa hartzea eta publiko egiteko planak adostea.
- Lan kargak arintzea eta osasun bermatzeko neurriak adostea.
- Administrazioaren benetako euskalduntzea bermatuko duten planak adostea.
- Berdintasunerako benetako urratsak ekarriko dituzten genero-arloko neurriak, besteak beste, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak negoziatzea.
- Jardunaldiaren murrizketa.