Apirilak 2026 hitzarmen berriaren negoziaketaren egoera
Hitzarmen bakarra
Abiatu berri den hitzarmen berri bateratua lortzeko negoziazioan ELAtik oso positibotzat jotzen dugu sindikatu ezberdinek apustu horretan bat egitea eta langile guztiekin partekatu nahi dugu ELAren planteamentua.
Badakizue bi mahai transbertsal eratu direla, ETB, Eusko Irratia eta EITBneteko ordezkariek osatuta. Hitzarmenaren osotasuna babestu aldera ELAren helburua da bi mahaietako akordioak lotzea. Alegia, bietan akordioa dagoenean hitzarmenetara gaineratzea, hitzarmen bateratuaren abiapuntua izan daitezen.
ELAren ustez modu horretan bakarrik lortuko dugu akordioek langile guztientzat onurak ekartzea. Oraingoz, lan denboren mahaiak hasi du bere bidea baina klasifikazio profesionala eta kategoriak landuko dituen mahaia ez da abiatu.
Ez dugu nahi zuzendaritzak negoziazio hauek baliatzea bere premiak asetzeko, langileoi apur batzuk ematearen truke, alegia, baimen ordu batzuen truke edo kategoria bakan batzuen egoera hobetzearen truke. ELAk ez du partxe gehiagorik onartuko, benetako hitzarmen berria eta osoa nahi dugu, EITBko langile guztiok gure eskubideak eta baldintzak eguneratu ditzagun. Eta zuzendaritzari nahi duena ematen badiogu, guk zerbait irabaziko dugu, noski, baina apurrak izango dira eta ez dute inongo presarik izango langileok behar duguna negoziatzeko.
Dakizuenez, kanpoko enpresa bat, LKS kontratau dute kategorien inguruko proposamen bat lantzeko, baina gaur gaurkoz inork ez daki, zuzendaritzak ere ez, zertan diren lan horiek. Gure ustez, zuzendaritzak ez dauka interesik negoziazio horri benetako bultzada emateko, bere intereseko gai zehatz batzuetaz aparte.
Horregatik guztiagatik ezinbestekoa da negoziazio bateratua egitea buru belarri, denbora galdu gabe, lehenbailehen akordio osoak lortzeko eta berme guztiak emango dizkigun hitzarmen bateratua sinatzeko.
Erretiro partziala eta erreleboa berriro zalantzan EITBn
2025ean urte osoko borroka izan genuen ELAn erretiro partziala bermatzeko. Lortu genuen, ia bakarrak izan ginen arlo publikoan, eta espero genuen aurten, zerrendak bizirik dauden bitartean, iaz ireki genuen bide horri jarraituko zitzaiola. Baina zuzendaritzak ez dauka bide hori jorratzeko egitasmo zehatzik.
Maiatzean 17 plaza emango dira irratian eta telebistan, eta alferrik galduko da aukera plaza horiek erabilita 17 langileri erretiro partziala emateko.
Ez da onargarria. EITBn, aurten ere, 2025eko baldintza berberetan, aukera hori baliatu dezakegu. Aurten 62 urte beteko dituzten langileek, iazkoek bezala, erretiro partzialerako eskubidea dute. Eta oraindik indarrean ditugun zerrendak erabili behar ditugu, beste aukerarik gauzatzen ez duten bitartean.
EITBko zuzendariengana eta administrazio kontseilura joko dugu berriro.
Lan poltsa eta telelana
Gehiegi atzeratzen ari dira.
Lanpotsan zerrendak kargatzen ari dira sisteman: azken LEPa, azken lanpoltsako azterketa eta azken aurreko LEPa hartuko dira kontuan, hurrenkera horretan.
Garatuta dago tresna informatikoa, batetik eskaintzak eta erantzunak automatizatzeko, eta bestetik, hautagaiek euren perfilak kudeatu ahal izateko, gardentasuna bermatuz. Ekainerako erabilgarri egon beharko litzateke.
Telelanarekin ez dugu ikusten zuzendaritzak benetako borondatea duenik bizkortzeko. Oraindik katalogoa ez dute erabat zehaztu eta horren ondoren etorriko da langileei zuzendutako sondeoa. Beraz, ezingo dute abiatu iraila baino lehenago. Ez dauka justifikaziorik, borondaterik eza ez bada.
Telebistako operadoreen egoera
ELAren lan sindilkalari esker telebistako operadoreen taldean formakuntza gabeziak eta planifikazio arautu baten gabeziak sortu duten egoera larria bideratzeko aukera ireki da. Osasun eta prebentzio sailak auditoretza bat egingo du, kanpoko enpresa batekin egoera aztertu eta irtenbideak bilatzeko. Espero dugu lanketa hori baliagarria izatea eta arazoari irtenbidea ematea, arloak egoki funtzionatu dezan eta langileek baldintza egokietan lan egin dezaten.
LEP prozesuak
Irratian audio teknikarien eta telebistan sareetako teknikarien prozesuak irekita daude eta azken egun hauetan fase irekiko azterketak egin dira.
Beste prozesu batzuk ere zabalik daude. ETBko produkzioan igoera probak egongo dira, ondoren, ekainean, produkzio laguntzaile zerrendetatik plazak emateko.
Horiez aparte, egonkortzeko zerrendak baliorik gabe geratu baino lehen, beste hainbat plaza emango dira telebistan eta irratian. Zuzendaritzak helarazitako informazioaren arabera 19 plaza emango dira ETBn eta 2 Eusko Irratian. Gogoratu datorren astean, erredaktore kategorietako beste 17 plaza sinatuko direla, erretiro partzialaren atalean aipatu ditugunak.
ELAren komunikazioak
Interesa duzuen guztiok bide gehiago dituzue EITBko ELAren albisteen eta oharren berri izateko, apurka martxan jartzen ari gara bi gune berri:
Instagram: @elasindikatuaeitb
Web: https://www.ela.eus/eu/gizalan/eitb
Harremanetarako: elasindikatua@eitb.eus, ela_i@eitb.eus eta elaei@eitb.eus