FUNTZIO PUBLIKOAREN MAHAI OROKORRA

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio 32 orduko lanaldia ezar dezala 115.000 langileentzat

2026/04/23
ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio 32 orduko lanaldia ezar dezala 115.000 langileentzat
Bere eskaeren artean daude behin-behinekotasunarekin amaitzeko neurriak hartzea, euskararen eta gaztelaniaren eskakizunak parekatzea, eta langileria gaztetzeko neurriak.

Gaur, apirilak 23, Eusko Jaurlaritzako 115.000 langileen lan-baldintzak negoziatzen dituen Mahai Orokorraren bilera egin da Gasteizen. ELAk berretsi du Mahai Orokorra ez dela bere langileen lan baldintzak negoziatzeko eta hobetzeko toki aproposa. Horren adibide da azken akordioa 2010ean lortu zela.

Bileran, ELAk bere aldarrikapen nagusiak jarri ditu mahai gainean. Lehenik eta behin, astean 32 orduko lanaldia ezartzea. Sindikatuaren ustez, horrek zerbitzuaren kalitatea hobetuko luke, enplegu publikoa sortuko luke, zaintza beharrei lehentasuna emango lieke eta lan eta bizi baldintzak hobetuko lituzke. Hala ere, sindikatuak deitoratu du 25 urte igaro direla 35 orduko lan astea onartu zenetik eta Pradaleseko Gobernuak ez duela urratsik egin nahi izan 32 orduko lan astea finkatzeko.

Enpleguari dagokionez, EAEko administrazioan gehiegizko behin-behinekotasunari aurre egiteko neurriak exijitu ditu ELAk eta gogora ekarri du Espainiako Estatuko tasarik altuena duela. Sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzak Estatuaren bizkar utzi duela arazoa, baina bere esku dagoela egoera iraultzea.

Euskararen inguruan, ELAk Jaurlaritzari eskatu dio, bere esparruan, euskararen ezagutza ezartzearen aurkako epai eta diskurtsoei aurre egitea, hizkuntza eskubideen alde egitea, eta euskararen eta gaztelaniaren eskakizunak parekatzea, euskaraz ez dakiten langileei denbora eta baliabideak eskainiz. "Orain aukera bikaina du Legebiltzarrean euskal administrazioa erabat euskalduntzeko balioko duten hizkuntza-eskakizunak eta administrazioetako langileak euskalduntzea bermatuko duen lege bat onartzeko", adierazi du.

Hala ere, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera ikusita, ELAk ziurtatu du mobilizazioak eta grebak bultzatzen jarraituko duela hiru aldarrikapen nagusiak betearazteko. Helburua argia da: Euskal Herrian erabaki eta negozia dadila nolako zerbitzu publikoak eta lan baldintzak behar diren.