bizkaiko erresidentziak

ELAk ez du greba deitzea baztertzen, langileen aldarrikapenei entzuten ez bazaie

ELAk ez du greba deitzea baztertzen, langileen aldarrikapenei entzuten ez bazaie
ELAk salatu du Bizkaiko egoitzen GESCA, LARES era ELBE patronalek lan malgutasun handiagoaren eta kontratu prekarioen alde egiten dutela, langileek plantilla indartzea eta soldatak hobetzea eskatzen duten arren.

Bizkaiko egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak ostiral honetan elkarretaratzea egin dute Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, hitzarmenaren negoziaziorako zortzigarren mahai negoziatzailearekin bat eginez. Hamar hilabete baino gehiago igaro dira aurrerapausorik gabe, eta ELAk ez du baztertzen greba egunak deitzea, blokeoak bere horretan jarraitzen badu.

GESCA, LARES eta ELBE patronalen proposamenak 600 eurotik gorako soldata galerak ekarriko lituzke, eta ez luke lan egonkortasuna bermatuko. Besteak beste, txanda desberdinak beteko dituen langile talde bat izatea proposatzen dute, ordu gutxiko lanaldi partzialeko kontratuen bidez; kontratu horiek % 20ko lanaldira ere mugatu ahal izango lirateke, langile gehiago modu egonkorrean kontratatu beharrean.

“Lan malgutasunak ezin ditu kontratazio egonkorra ordezkatu, ezta langile faltak eragindako arazoak konpondu ere”, adierazi du ELAk. Sindikatuak kontratu mugagabeak eta lanaldi osokoak aldarrikatzen ditu, lann argak murrizteko plantillak handitzea, lanaldia 32 ordura murriztea eta soldatak hobetzea, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) langileen baldintzekin parekatzen joateko.

ELArentzat, patronalek proposatutako neurriak onartezinak dira: sektoreko prekaritatea areagotzen dute eta langileen osasunerako arriskuak alde batera uzten dituzte, enpresek eurek egindako arrisku psikosozialen ebaluazioek ohartarazten duten bezala. Plantillak indartu, lan baldintzak hobetu eta egoiliarren arreta hobetu beharrean, patronalek baldintzak okertzen dituzten neurriak proposatzen dituzte, eta horrek zerbitzuaren kalitateari ere eragiten dio.

ELAk Bizkaiko Foru Aldundia egiten du egoeraren erantzule, eta salatu du apirilean aurkeztutako bilera eskaerari erantzun gabe jarraitzen duela. Negoziazioak geldirik daudenez, ELAk enpresei zein Foru Aldundiari eskatu die negoziazioak desblokeatzeko konpromisoa har dezatela, patronalak murrizketa proposamenak bertan behera utz ditzala eta langileen aldarrikapenei erantzun diezaietela. Hala egin ezean, ELAk ez du baztertzen greba egunak deitzea.