BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

Mobilizazioa patronalak bilera berri bati uko egin ostean

Mobilizazioa patronalak bilera berri bati uko egin ostean
ELAk salatu du langile falta eta lan karga altuak Bizkaiko egoitzetako langileen osasuna arriskuan jartzen ari direla.

Bizkaiko egoitza eta etxebizitza komunitarioetako langileek, ELAk deituta, mobilizazioa egin dute ostiral honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, negoziazio kolektiboaren blokeoa salatzeko eta lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Martxoan hasitako protestek uztail osoan jarraituko dute, ‘Zaintzeak gaixotzen duenean’ lelopean.

ELAk patronalen jarrera kritikatu du, izan ere, ekainaren 17ko negoziazio mahaiaren ondoren, uztailean bilera berri bat egiteari uko egin diote. Erabaki horrek agerian uzten du ez dagoela borondaterik lan baldintzak hobetuko dituzten eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatuko dituzten neurriak lantzeko.

ELAk egiaztatu du lan gainkargak eta langile faltak eragin larria dutela langileen osasunean, sektorean egindako arrisku psikosozialen ebaluazioek erakusten duten bezala; ebaluazio horiek Osalanen aurrean aurkeztu dira.

Langileek egiturazko prekaritatea salatzen dute: behin-behinekotasun tasa %42koa da, eta lanaldi partzialeko kontratazioa oso hedatuta dago. ELAk kontratu horiek enplegu egonkor eta lanaldi osoko bihurtzea eskatzen du, antzinatasunaren aitortza osoa, zerbitzuen publifikazioa eta soldaten parekatzea IFASeko langileen soldatekin.