bizkaiko erresidentziak

ELAk premiazko neurriak eskatu ditu bero boladaren aurrean

ELAk premiazko neurriak eskatu ditu bero boladaren aurrean
ELAk salatu du Bizkaiko egoitzetan klimatizazio eza, langile falta eta arreta sanitario eskasa direla eta, adinekoen osasuna arriskuan dagoela.

ELAk berehalako neurriak eskatu ditu Bizkaiko egoitzetan bizi diren pertsonen segurtasuna bermatzeko bero-boladaren aurrean. Sindikatuak salatu du egoitza ereduaren gabezia estrukturalek adinekoen eta langileen osasuna, eta are bizitza bera, arriskuan jartzen dutela.

Aste honetan bertan, egoiliar baten heriotza eta tenperatura altuekin eta neurri egokirik ezarekin lotutako hainbat osasun arazo izan dira.

Egoitza askotan ez dago klimatizazio nahikorik instalazio guztietan, ezta 24 orduko erizaintza zerbitzurik ere. Gainera, lan kargak oso handiak dira, bereziki gerokultoreen artean, eta horrek zaildu egiten du zaintza eta prebentzioa muturreko bero egoeretan.

ELAk egoera hau pribatizazioan, enpresa irabazian eta kostuen murrizketan oinarritutako eredu bati egotzi dio. Zentzu horretan, gogorarazi du administrazio publikoek eta enpresa arduradunek ezin dutela beste alde batera begiratzen jarraitu: “adinekoen babesak inbertsioak, langile nahikoak eta baldintza egokiak eskatzen ditu, ez murrizketa gehiago”.

Egoera honen aurrean, ELAk plantilla indartzea, espazio guztietan klimatizazioa bermatzea, 24 orduko erizaintza ziurtatzea eta bero-boladen aurkako protokoloak hobetzea eskatu du. Mobilizatzen jarraituko duela ohartarazi du eredu publiko eta kalitatezkoa defendatzeko, egoiliarren duintasuna, segurtasuna eta osasuna eta artatzen dituztenentzako lan baldintza duinak bermatuko dituena.