103 Mahaia

Gaur 103 mahaia izan dugu, Administrazioak bi gai plazaratu ditu, batetik ,2012ko plus antiterroristaren ordainketa eta, bestetik, hauteskunde sindikalak. ELAk negoziaketa mahaiaren aurretik gai-zerrendan beste hiru puntu gehitzea eskatu du:
- 2010eko Mahai Orokorreko Akordioaren arabera beste sektore guztietan indarrean dauden lizentzia eta baimenen aplikazioa.
- Komisarioen azken promozioaren egoeraren berri emateko.
- Azken Mahaian aurkeztu zituzten murrizketen eztabaida.
Plus antiterroristaren eztabaidan, argi geratu da plus hau 2012an ez dutela orain arte kobratu duten kolektibo guztiek jasoko, sindikatu guztiok eskatu arren. 2013ari begira, gainera, plus honek eta orokorrean ordu extretarako erabiltzen zen dirutza ez dutela Ertzaintzako pertsonal gastua hobetzeko erabiliko esan dute. ELAk exijitu du 2011 ordu extretarako erabiltzen zen diru guztia (4,5 milioi euro) 2013an eta hurrengo urteetan ertzain guztien artean banatu dadila, baina Sailak ukatu egin du.
Komisarioen azken promozioko langileen egoerari dagokionez, Sailak sindikatu guztiok eskatu arren oraindik ere ez du argitu ze erabaki hartu duten edo hartuko duten, kontuan izanik helegitea aurkezteko epea urriak 2an bukatzen dela. ELAk epai horren irmotasunari buruzko kezka agertu du, bereziki epai horren arrazoiak irakurrita, eta hautaketa-auzitegiaren jarrerari buruzko erabakirik hartu behar duten galdetu dugu.
Azkenik, ELAk esan du Ertzaintza ezin dela diskriminatu, eta ezin dela izan 2010eko Mahai Orokorreko Akordioaren ondorioz lizentzia eta baimenetan emandako hobekuntzak sektore guztietan aplikatzea Ertzaintzan izan ezik. Ziurrenik Segurtasun Sailak egun hauek erabili nahi izango ditu datorren urteko Negoziaketa Kolektiboari begira, horrela eskubide dena hobekuntza moduan saltzeko, 2010etik indarrean egon beharko zuen arren.
Hau da Segurtasun Sail honek Ertzainen lan-baldintzekiko duen begirunea, murrizketak inposatu eta txikikeriak negoziatu. ELAk erabaki du ezin zuela hauteskunde sindikalei buruz hitz egiten jarraitu lan-baldintzei buruzko eztabaida errealik egin ezean eta mahaitik aldegin du.
Beste sindikatu guztiek mahaian geratzea erabaki duten arren, hauteskunde sindikalei buruz hitz egiteko interesa agertu duen sindikatu bakarra ESAN izan da. Eta sindikatu hau oso haserre azaldu da ELAk eskatutako puntuak gai-zerrendan gehitu izanagatik.. Mahaitik ez altxatzea eta hauteskunde sindikalei buruz eztabaidatzea ulertezina iruditzen zaigu, are gehiago kontuan izanik komisaldegien bat-egiteak, lan-orduen handitzea, soldata murrizketak etab. inposatzen dizkigutela.
Egoera honetan, langile publikoak garen heinean mobilizatzen jarraitzea eta gobernua presionatzea dira gure lan-baldintzak bueltatzeko eta hobetzeko bide bakarra, ELAk gaur bertan egin bezala, horregatik dei egiten diegu beste sindikatuei mahaietan murrizketei eta gobernuari sostengua ematen utzi diezaioten eta kalera atera daitezen.