2012ko aparteko ordainsaria: auzi irekia

2013/07/08
Jaurlaritzak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria lurperatu nahi du ondoz ondoko aurrerapenen geruzaren azpian

 

Eusko Jaurlaritzak abenduko ordainsaria aurreratzea erabaki du, eta horren eraginpean gobernuaren menpeko herri-langileak geratuko dira, enpresa publikoetakoak ere bai.

Jaurlaritzak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria lurperatu nahi du ondoz ondoko aurrerapenen geruzaren azpian. Aurrerapen horiek gero eta zailagoak eta zentzugabeagoak dira, eta ez dute beste helbururik iazko soldatatik jaso gabeko %7 ahantzaraztea baino. Baina ahanzturaren saiakera hori ez zaie ondo aterako, gaia oraindik pil-pilean dagoelako.

Jaurlaritzak alde bakarretik hartu duen erabaki hori ez da lardaskeria berri bat baino. Luzamendutan ibiliz ez da arazoa konponduko, baina bilatzen dutena langileen erantzun oldarragorik saihestea da.

ELAren proposamena zuzena eta erraza da: Administrazioak ez du zertan ezer aurreratu. Diru-kopuru hori bera orain ordaindu dezakete (zeren eduki badaukate), baina beste izen batez: 2012an jaso gabeko aparteko ordainsaria. Horrela ez da ukitzen 2013ko Gabonetako ordainsaria, dagokionean ordainduko baita, eta denok hasiko gara 2014an bakean (aparteko ordainsarien gaiari dagokionez, behintzat).

Horrela egiten ez badute, ez da ezin dutelako, nahi ez dutelako baizik. Ez dute hori egiteko borondate politikorik. Madrilgo “ezarpena” aitzakia hutsa da nahi dutena egiteko.

Horren froga garbia euskal administrazioetako askotan ikus dezakegu, Gipuzkoako Aldundia ere barne. Horietan guztietan ordainsari haren baliokidea ordaindu baitiete beren langileei. Areago, Nafarroan, hango Parlamentuko lege bidez, osagarri bat onetsi dute, herri-langile guztientzat, 2012ko abenduan jaso gabe utzi zutenaren parekoa. Eta harrigarriena zera da: lege hori PNVren (Geroa Bai) aldeko botoaz onetsi da, PSN eta BILDUrekin batera. Zergatik Nafarroan bai, eta hemen ez? PNVrentzat (Euskadiko Jaurlaritzan agintean dagoena) maila beheragokoak gara Euskadiko herri-langileok, Nafarroakoen aldean?

Kontuari kitoa eman nahi diote, baina auziak irekita jarraitzen du. Gero eta langile gehiago horren jakinean daude, eta kalera ateratzen dira, eta dagokiena eskatzen dute. Denoi dagokiguna eskatzen dute, zeren soldataren alde agertzea, enpleguaren eta zerbitzu publikoen alde agertzea da.

Itzulingururik gabe, aitzakiarik gabe.