"Benetako egoera aztertu ondoren", ELA sindikatuak uste du ertzaintzako sindikatuek erdietsitako akordioak Segurtasun Sailari emandako txeke zuria direla

Sail honen etengabeko inposaketen aurkako borrokan, akordio horiek erakunde horien makurtzea besterik ez dira. Horrenbestez, Brigada Mugikorrean: eragiten dien langileen gehiengoaren aurkako egutegia ezarri da; Mugikortasun Geografikoari dagokionez: besterik gabe, pertsonalen gainean dagoen gabezia onartzen da, ez baita eztabaidatzen Unitate eta Atal bakoitzean zenbateko ertzain kopurua beharrezko den; eta adinagatiko bigarren jardueran (ZAM), berriz: Sailak berak etorkizun hurbilean aurreikusten zuen arazoari konponbidea ematen zaio, oso prezio baxuan gainera.
ELA-Ertzaintzak salatzen du ezarri dizkiguten urritasun guztien kudeaketan erakunde horien parte hartzea “benetako” egoera izatea; hori, murriztu dizkiguten eskubideak berreskuratzeko eginahal eta borrokari uko egitea baita. Hala nola:
- 2010ean egin zen soldata jaitsiera eta ondorengo izozteak direla medio galdutako erosahalmena berreskuratzea.
- Itzarrira egiten diren ekarpenak %3 berreskuratzea.
- Jubilazio-sariaren berreskuratzea.
- Behin-behineko lan-ezintasunerako osagarriaren berreskuratzea.
- Lanbide-karrera, eurek sinatua eta inoiz ezarri ez dena, abiaraztea.
Ez da onargarria Sailburuak “benetako egoera” eta urritasunak eta murrizketak geure gain hartzeko galdatzen dizkigun bitartean, 2018ean Eusko Jaurlaritzak aholkulari pertsonalen kopurua %17 igo izana, 363tik 400 izatera igaroz.
ELA-Ertzaintzak negoziaziorako duen borondatea berresten dio Sailburuari; benetakoa, sinatutako akordioak eta emandako hitza betetzen direnak, alegia. ELA-Ertzaintzarentzat hori baita elkarrizketarako borondatea izatea eta negoziazio kolektiboaren joko-arauak errespetatzea; baita herri segurtasuna eta ertzainen lan eta bizi baldintzak hobetzen lan egitea ere.