ELA, ErNE eta SiPEk Ertzaintzako erakunde sindikal baten aldeko faborezko tratu salaketa Sailburuari helarazi die

2017/02/17
Idatzi honen bidez, ELA, ErNE, eta SiPEk, Ertzaintzako sindikatuok, zeuk zuzentzen duzun Saileko arduradunek euren jardueretan erakusten duten joeragatik, gure kezka eta sumindura agertu nahi dizugu.

Jarduera horiek, gehiengo sindikalarekin negoziazioa eta akordioa bilatu ordez, benetan zaildu egiten dute. Fede-onaz jardutea eta gehiengoa errespetatzeko printzipio-demokratikoak ere, ez dituzte betetzen. Izan ere, Ertzaintzan gutxiengoan den erakunde-sindikal  baten interesen mesedetan ari da Saila; aipatutako printzipio horiek larriki urratuz.

Zuzentzen ari zaren Saileko kide batzuen jokabidea argi uzten duten jardun adierazgarri horietako batzuk azaltzera goaz orain. Gure ustez, egoeraren larritasuna, eta, halaber, gure kezka eta sumindura sorrarazten diguten arrazoia ere,  oso garbi uzten dute eta:

  • Joan den otsailaren 2an, Ertzaintzan ordezkaritza dugun erakunde-sindikal guztiei,  Trafiko Unitateetan zeuden XXIV. promozioko ertzainek behin-behineko izango zituzten lanpostu-esleipenak, Giza Baliabideetako Zuzendariak eman zigun.
  • Ostirala, otsailaren 3an, ESAN sindikatuak posta-elektroniko bidez, XXIV. promozioko interesa zuten talde bati, bestelako zerrenda bat pasa zien. Bertan interesatuei adierazten zaie zerrenda hori onarpenerako kontsulta bat dela. Baita ere, bertan, sindikatu horretako kide baten posta-elektronikoa ematen zaie; bakoitzari dagokion lanpostuari buruz nork bere iritzia eman dezan.
  • Astelehena, otsailaren 6a, alde biko bilera bidez, besteak beste, ErNE eta ELA sindikatuei Giza Baliabideetako Zuzendariak jakinarazten die: hilak 2an argitaratutako zerrenda behin-betikoa dela, eta inolako aldaketarik ez duela izango; horretarako arrazoibide legez, gaineratzen du: ezinezkoak dira  lanpostu-trukatzeak, legez kontrakoak dira eta.
  • Asteartea, otsailaren 7a, 16:30etan, Giza Baliabideetako Zuzendariak XXIV. promozioko ertzainen lanpostu-esleipen zerrenda berria argitaratzen du. Hain justu ere, zerrenda honek ESANen agiriak jasotzen zituen aldaketa berberak ditu. Zerrenda horrek ez du errespetatzen, eta oso larriki urratzen du, tartean dauden ertzainen lehentasun-ordena.

Asteazkenean, otsailaren 15ean, behin-behingoz Hernaniko Ertzain-etxeko 1. lan-taldea esleitu zitzaion  XXIV. promozioko ertzain batek, lan-taldez aldatzeko exijitzen du; horrela egin ezean ESANeko idazkari orokorrari deituko ziola gaineratuz. Unitate-Burutza aldaketa hori egitera ukatu zenez, Segurtasun Sailburuordetzatik aldaketa egiteko agindua eman zen, Unitate-Burutzaren iritziaren aurka, alegia.

Azaldutako jokabideek, eta, baita, sindikatu horretako afiliatuak konfiantza-postuetan ipintzen direla ikusita,  ondorioztatzen dugu: erakunde-sindikal horrek Segurtasun Sailak markatutako ildoak zalantzan jartzen ez dituelako ari dela zure Saila horrelakoak egiten.

Esandako guztiagatik,  Segurtasun Sailaren arduradun gorena zaren aldetik, egokitzat irizten diozun gestioak egin dezazun eskatzen dizugu; lehenbailehen, zuzentzen duzun Sail horretako kideek negoziazio eta akordiorako ezarrita dauden funtsezko printzipioak bete ditzaten, hain zuzen ere. Denbora laburrean horrela ez bada, berriz, beste bide eta ekintza batzuk hartzera behartuta egongo baikara.