ELA-Ertzaintzaren kontzentrazioa Gipuzkoako Diputazioaren aurrean SOS Deiak zerbitzuaren zentralizazioaren aurka

2018/09/20
"Ertzainak SOS Deiak-en zentralizazioaren kontra" lemapean, zerbitzuaren kalitatea okertzeko arriskua dagoela salatzeko protesta egin dute ia ia langile guztiek. Ildo beretik, Markel Olano Diputatu Nagusiari bilera eskatu diote. Jarraian, bilera eskaera aurkituko duzue.

Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari helarazitako bilera eskaera:

Markel Olano Arrese, Gipuzkoako Diputatu Nagusia:

Igor Eizagirre Alza, ELA-Gizalan federazioko idazkari nagusiak, idatzi honen bitartez zurekin bilera eskaera egiten du; hain zuzen, Larrialdietarako Arreten Zuzendaritzak Laguntza Zerbitzua Bizkaian zentralizatzeko aurreproiektuari buruz hitz egiteko.

Gaur egun, Donostiako egoitzan 20 ertzainek betetzen dute lan hau eta Gipuzkoan sortzen diren gertakari eta larrialdiak kudeatzen dituzte. Halere, Ertzaintzako Kontseiluan adierazitakoaren arabera, 2019ko urtarriletik aurrera zerbitzu hau Bizkaitik kudeatuko da eta erabaki honen argudio zein arrazoirik ez ditugu jaso.

ELA sindikatuarentzat, jakinarazi diguten  aldaketa zerbitzuaren hobekuntzan oinarritu beharko litzateke, eta bide batez, aldaketa gauzatuz gero, langile hauen eskubideak errespetatu eta bermatu beharko lirateke.

Halaber, kontuan eduki behar da herrialdeko larrialdi zerbitzua funtsezkoa eta oso garrantzitsua dela. Gipuzkoa, zailtasun orografikoari dagokionez estatu mailan bigarren tokian dago eta kilometro kuadroko biztanlegoari dagokionez, seigarren tokian.

Hauek guztiagatik zentralizazio proposamen honek sortu dizkigun kezkak jakinarazi nahi dizkizut eta bide batez, erabaki honek lurraldean duen eragina kontuan hartuz, Diputazioaren partehartzea eskatu.