ELA-Ertzaintzak errespetua eskatu du Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Akademiak kontratatu duen irakaslearentzat

2017/09/15
Arkauteko Polizia eta Larrialdietako euskal Akademiak Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkide ohia kontratatu duelarik sortu den polemika interesatua dela eta, ELA-Ertzaintzak eskatu du errespeta dadila edonork lanpostu duina izateko eskubidea, eta arbuiatu egin ditu batzuren jarrerak, iraganeko mamuak astintzea beste xederik ez duten heinean; EUSPELek ertzainei dei egin die irakasle honen lanpostu aurrean bilkura egin dezaten.

ELA-Ertzaintzaren ustez oso larria eta onartezina da batzuk uste izatea norbaiti lanpostu baterako betoa ezartzeko moduan daudela; areago, hori egitea bere pentsamolde politikoa medio, kasu honetan Eusko Jaurlaritzaren zuzenbideko lizentziatuen lan-poltsako eskakizunak bete direnean.

ELA-Ertzaintzak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bere langilea -zuzenbide penaleko irakaslea- defendi dezala, eta ez diezaiela honelako jokabideei aukerarik eman.

Azkenik, ELA-Ertzaintzak eskatzen du batik bat komunikabide batzuk egiten ari diren sorgin-ehiza behin betiko amai dadila.