ELA-Ertzaintzak Europar Batzordean salatzen du segurtasun mehatxu berriengan murrizketek duten eragina

2016/02/22
ELAren ordezkariek eskatu dute EB osoan protokolo, jarraibide eta oinarri bateratuak izatea. Baita, formazio eta parekatze handiagoa ere

(Agiria ikusteko)

ELA-Ertzaintzaren kideak Madrilen bildu gara gaur, otsailak 22, Juan Fernando López Aguilarrekin, hots, europar legebiltzarraren Askatasun Zibil, Justizia eta Barne Gaietako batzorde kidearekin. Bilkura horretan ELAren ordezkariok gaur egun Europan nagusitzen diren politika antisozialak errotik aldatzearen premia agertu diogu. Alegia, zaurgarrienei, bai europar mugen barruan sortutakoei zein gudetatik ihesian babes eta bizi-irauteko laguntza eske datozenei, ematen zaien arretan egiten den politika ankerra aldatzearena. EB-naren politika anker hau errefuxiatuen krisi humanitarioarekin nabarmendu da.

Bilera horretan ELAren ordezkariok europar batzorde-kideari azaldu diogu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aldetik ertzainok gaur egun jasaten dugun formazio eta jarduteko protokoloen gabezia, eta, halaber,  materialaren eta parekatze eza. Horrenbestez, hori gaitzetsi eta gure haserrea adierazi diogu, eta, baita, egoera larri horren adibide batzuk erakutsi ere.

Bestalde, Europa Batzordeko Askatasun Zibil, Justizia eta Gai Sozialetako ordezkariari eskatu diogu EBeko estatu kide guztiek protokolo, jarraibide eta ebazpen bateratuak izateko premia. Hori bai, horiek inolaz ere ez dira aitzakiatzat erabiliko oinarrizko eskubide eta askatasun murriztaile programa izateko.

Bide berean, eskatu diogu EBnaren arlo honetako politika guztien informazio-zentro bat eta datu base bakar baten beharra. Orobat, eskatu diogu azken urteetako murrizketa politikak albo batera uztea, eta kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatu ahal izateko beharrezko diren baliabide materialen hornikuntza eta pertsonalaren prestakuntza izatea.