ELA-Ertzaintzak exigitzen du Zaintza eta Erreskaterako Unitatearen gaueko zerbitzuari eustea

2020/06/05
ELA-Ertzaintzak salatzen du Segurtasun Sailak alarma-egoera aprobetxatu duela pertsonen erreskaterako zerbitzua kentzeko gaueko ordutegian

EAEn Ertzaintzako Zaintza eta Erreskaterako Unitatea da uretan eta lehorrean erreskatatu behar diren pertsonen erreskateen arduraduna, egunaren 24 orduetan eta urteko 365 egunetan.

 

Behin alarma-egoera ezarriz gero gaueko zerbitzua egiteari utzi egin zion, etxeko itxialdia medio herritarrek etxetik kanpo egoterik ez zutela-eta. Alabaina, ekainaren 1etik edozein kirol-jarduera aire-librean egiteko oztoporik egon ez arren, Segurtasun Sailak gaueko zerbitzu horri deseginda eusten dio.

ELA-Ertzaintzatik uste dugu Segurtasun Sailak dituen betebeharrekiko utzikeria dela hori; hain zuzen ere, Gernikako Estatutoan jasotako eskumenetatik datorkion betebeharra. Utzikeria horrek, berriz, arretarik gabe uzten ditu iristeko zailtasuna duten lekuetan bizitza arriskuan duten pertsonak.

 

ELA-Ertzaintzak onartezintzat eta oso larritzat dauka hori erabaki izana. Eta erabaki oker horren zuzenketa exigitzen du oraintxe bertan. Beraz, uretako zein lehorreko erreskate zerbitzuari eutsi behar zaiola exigitzen dugu, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan. Horretarako, lekuan bertan egon behar du etengabeko lanean gutxien-gutxienez lau ertzainez osatutako lan-taldea, lehorreko erreskateetarako; eta beste hainbeste uretako erreskateetarako, EAE osoan estaldura ematen dutelarik.

 

Halaber, premiazkoa da beharrezko antolaketa-neurriak hartzea; izan ere, herritarrei bermatu beharra dago Erreskate-Unitate profesionalizatu honek bere lanean exigitu behar zaion bikaintasunarekin lan egitea, bat-bateko erantzunarekin batera. Gaur egun, ordea, horrelakorik ezin da bermatu, eta horrela jarraituz gero, zalantzarik gabe, orain arte erakutsi duten izen onari eta kalitateari ezin izango diote eutsi.