ELA-Ertzaintzak salatu duenez, Sailaren proposamenak ez du Ertzaintza euskaldunduko

2018/01/18
ELA-Ertzaintzak salatu duenez, Sailaren proposamenak ez du Ertzaintza euskaldunduko, ezta etxetik urruti lan egiten duten ertzainen arazo larria konponduko ere

Negoziazio Mahaiaren gaurko bileran Segurtasun Sailak gutxienez 509 derrigortasun-data berri Ertzaintzaren Lanpostu Zerrendan ezartzea proposatu du. Haien esanetan, horrela beteko da Ertzaintzari jarritako nahitaez bete beharreko indizea. Horren arabera 2017ko abenduaren 31rako, Ertzaintzaren 3.510 dotaziok, gutxienez, derrigortasun-data jarrita izan behar zuten.

 

ELAk proposamen hori gaitzesten du, ez baitu konpontzen urte askotan etxetik urrun lanean ibili diren ertzainen arazoa, eta horrela haietako asko erretiratu arte jarraitu beharko dute etxetik urrun lan egiten.

 

Ertzainak euskalduntzeko bidean ere ez da aurrerapausorik ematen, zeren proposamenaren arabera hutsik dauden plazetan ezarriko dira derrigortasun-datak, eta beraz, ez da benetako apusturik egin Ertzaintzako oraingo plantilla euskalduntzearen alde.

 

Hori horrela, ELA-Ertzaintzak euskalduntze-dekretuaren espiritua hautsi dela salatzen dugu, helburua ertzainak euskalduntzea besterik ez baitzen.

 

ELA-Ertzaintzak galdatzen dio Sailari urtetan etxetik urruti lanean ari diren ertzainentzat irtenbideren bat bilatzeko, eta ertzainak euskalduntzearen aldeko apustua behingoz egiteko; horren inguruan propaganda egin beharrean. ELA-Ertzaintzatik eskatzen diogu berriro Sailari, hurrengo promoziorako, aurretiazko betekizun moduan 1-HE ezartzeko.

 

Azalduriko arazoak konpontzen ez diren bitartean ELAk ez du onetsiko derrigortasun-datak ezartzeko amaierako proposamena (datorren asteazkenean, hilak 24), eta Sailaren ebazpena auzitara eramateko aukera aztertuko du, han legearekin bat datorren ebatzi dezaten.