ELA-Ertzaintzak salatu duenez, Segurtasun Sailaren axolagabekeriaren ondorioz Ertzaintza oso egoera larrian geratzen ari da

2018/05/22
ELAk Segurtasun Sailari egotzi dio Ertzaintzaren arazo larriak ez konpontzeko errua, horretarako gogorik ez izateagatik. Hori dela-eta, Ertzaintzako kideak gero eta adoregabetuago daude.

 

Azken hilabeteotan sindikatu honek hiru aldiz eskatu dio Segurtasun Sailari 103 mahairako bilera-deia egiteko; hala ere, oraindik ez du holakorik egin. Horrela, azken bost urteotan ez da akordiorik egin kidego osoarentzat; horren ordez, adabaki partzialak jartzen dituzte, inoren gogoko ez direnak. Sailak ez du kontuan hartu, ezta Lan Harremanetarako Kontseiluaren errekerimenduak ere. Hala da, Kontseiluak, ELAren eskariz, negoziazio-ildo bat irekitzera behartu zuen Saila. Negoziazio hori egutegiei buruz izan beharko zen, gai horrek eragin txarra baitu zerbitzuan eta pertsonalaren baldintzetan, batez ere ikerketa-atalean eta zaintza eta erreskateko atalean.

Segurtasun Sailak etengabe urratzen ditu lan-segurtasun eta osasunaren arloko arauak. Horren ondorioz ezin konta ahalakoak dira orain arte aurkezturiko salaketak, eta oso urriak aldiz emandako konponbideak. Eraginpeko kidegoa, beraz, gutxietsita sentitzen da.

Antolakuntzaren aldetik anabasa da nagusi, eta horrek ondorio larriak dakarzkie Ertzaintzari berari eta herritarrentzako zerbitzuari.

Prestakuntzari dagokionez Sailaren gabeziak izugarriak dira. Aurreikuspena eta plangintza hain dira txarrak, ez baitzaie gaua pasatzeko ostatu-aukerarik ematen ikastaroetan parte hartzen dutenei, ez akademian, ez beste inon. Halakorik ez da inoiz gertatu Ertzaintzaren ibilbide osoan.

Sailaren utzikeria eta baldarkeriaren azken ondorioak Gipuzkoako Trafiko Atalean ari dira jasaten. Han ere Segurtasun Sailak eskaririk oinarrizkoenak ere ez ditu kontuan hartu; esate baterako, lehortze-gela bat izateko eskaria —laneko arropa bustirik dagoenerako—, edo lanerako prestakuntza nahikoa hartzeko eskaria.

Bestalde, oso larria da autoen egoera, batez bestez 500.000 km ibiliak izan dira, baina haietako batzuek 800.000 kilometroko erabilera izan dute. Motozikleten erabilera-bizitza 150.000 kilometrokoa izan beharko zen, baina batez bestez 170.000 km-tik gora dago. Gipuzkoan kirol-dema ugari egiten denez, Arabako eta Bizkaiko trafiko-atalek Gipuzkoakoari motozikletak maileguz utzi behar dizkiote, eta hori ere plangintza txarraren erakusgarria da. Ezinbesteko ekipamendua aipatuz gero, eskularru bereziak adibide, berandu jasotzen da edo inoiz ez. Eta beste elementu batzuk, 10 €-kostua ere ez dutenak, besteak beste, kaskoa motozikletarekin lotzen duen konexio-kablea, behin eta berriz erregutu behar dira. Pertsonalari dagokionez, prekarietatea hain da handia ezen aurten librantzan zebilen pertsonalari hiru aldiz gehiago, iaz baino, deitu baitzaio lanera. Horri gehitu behar zaio plantillaren herenek baino gehiagok ez dutela jaso berariazko prestakuntzarik Bide Segurtasunari buruz.