ELA Ertzaintzak salatzen du 2020 Ortzimuga Plan berriaren inposaketa

2016/10/11
Ertzaintzaren Zuzendaritzak, ertzain guztion legezko eta egiazko ordezkariak mespretxatuz, Ertzaintzako kide guztiei publizitate ekitaldi baten parte hartzera dei egin die: hiru ordu eta erdi iraungo du, Berrozin egingo da, urriaren 21ean, “euren” 2017-2020 Plan berriaren aurkezpena izango da

Sailak ezer gertatzen ez balitz bezala jokatzen du bere ibilbide-orriarekin. Ez dago antolaketa nahaspilarik ez eta premiarik ikerketa arloan; XXV eta XXVI. promozioak airean egonda, eta ertzaintzako adin-piramidea dela eta, gizarteak espero eta merezi duen zerbitzua bermatu ezinik gelditzeko kinka larrian egonda ere ez da ezer gertatzen; ibilgailuen gabezia eta daudenak duten egoera negargarria sindikatuek asmatutakoa da, etab…Gervasio Gabirondo jaunari bere lanaren emaitza saltzea besterik ez zaio axola: 2020 ORTZIMUGA berria.

ELA sindikatutik uste dugu Polizia Legea urratzen dela (17.artikulua). Hain zuzen ere albo batera uzten da informatua izateko sortu zen organoa,  Ertzaintzaren Kontseilua: izan ere, bere zereginetan aipatzen da: “Lan-teknika eta metodoak berritzeko programen prestakuntzan laguntzea”

Hortaz, ELA eta ErNEk, Kontseiluaren Idazkariari zuzendutako idatzi bateratuan, ezohiko bilera-deia egitea eskatu diegu. Egin-eginean ere, hori baita aipatutako plan hori azaltzeko lekua.