ELAk salatzen du Durangoko Ertzain-etxean lanean ari diren ertzainak lan-zerrendak esleitzen dizkienak baino %50 gutxiago direla

2018/12/05
Lanean behar luketenak 20 agente dira, lan-talde bakoitzeko lau; praktikan, ordea, bederatzi ertzain besterik ez daude bost taldeetarako.

ELAk salatzen du komisaldegietan dagoen ertzain-kopuruaren gabezia gero eta larriagoa dela. Egoera larri honen adibide bat da Durangoko ertzain-etxean berez dagozkion langileen %50 inguruko gabezia izatea.

Langile-gabezia horren ondorioz ezinezkoa da behar bezalako prebentzio-lana egitea; jakina da, berriz, orain gutxi arte herritarrentzako erabateko lehentasunezkoa zela prebentzio-lan hori.

Guardiako ikerketa-lanetan orain arte 20 agente ziren bost lan-taldetarako, ertzain-etxe horretako lan-zerrendak agindutako gisan; bada, gaur egun bost lan-taldetarako bederatzi ertzain besterik ez daude lanean. Lan horretarako gutxiengo eskakizuna, berriz, lan-talde bakoitzean bi agente izatea da, eta eskakizun hori ez da betetzen. Ertzain-gabezia horrek, noski, herritarrei ematen zaien arreta eskasa dakar; edo besterik gabe, ertzain-etxera laguntza eske datorren herritarra ez-artatzea.

Egoera honek gainerako ertzain-etxeetako agenteak 50 kilometro baino gehiagoko leku-aldatzeak egitera behartzen ditu, euren lana egin ahal izateko. Ezinbestean, leku-aldatze horiek, ertzainei kalte fisikoa eragiten die; Segurtasun Sailari, berriz, ekonomia- eta denbora-galera. Hori guztiaz gain kalte-ekologikoa ere badago.

ELAren ustez, gaur egun Ertzaintzan 600 ertzain baino gehiago falta izatea da lanerako dagoen ertzain-gabezia eta antolaketa-hutsegite larri horien arrazoia. Gainera, estatistika helburu baino ez duen eta guztiz ez-eraginkorra den polizia-eredua ezartzen da; eta ez, prebentzioan oinarritutakoa, eta herritarren gertuko zerbitzua eskaintzea eta herritarrak babestea xede duena.

Egoera honek nabarmen uzten ditu Estefania Beltran de Heredia Sailburua eta ErNE eta ESAN sindikatuak; izan ere, ekainean akordioa sinatu zuten, Ertzaintzako mugikortasun-geografikoa eta antolaketa-gabeziarekin amaituko zutela esanez.