ELA-Ertzaintzak salatzen du Segurtasun Sailburuak sindikatu-ordezkariei ez diela uzten Ertzaintzaren kontseiluko eztabaidetan parte hartzen

Gaur, martxoak 14, Ertzaintzaren Kontseiluaren bilera egin da. Bertan egon dira: Segurtasun Sailburua, Bi Sailburuordeak, Araubide-Jurikikoko Zuzendaria eta Ertzaintzaren Burua, baita, ErNE, ELA, SiPE eta ESAN sindikatuen ordezkariak ere. Nabarmena izan da Ertzaintzako Zuzendariaren, Gervasio Gabirondoren, hutsa.
Bilera aurretik ELA eta ErNE sindikatuok aztergaien artean Ertzaintzako Zuzendariaren, Gervasio Gabirondoren, kargu-gabetzea sartzea eskatua geneukan, Segurtasun Sailak onartu ez bazuen ere.
Bilera hasi aurretik bozketa eskatu dugu Ertzaintzako Kontseilu kideen artean gai hori sartu hala ez argitzeko. Izan ere, Ertzaintzako Kontseiluaren Barne-araudiko 13. Artikuluaren arabera kontseilu kideek gai-zerrendan sartzea eskatuz gero bozkatu ahal izango da, eta Segurtasun Sailburuak ez du utzi bozketa hori egiten.
Sailaren inposaketa eta jauntxokeria hori dela-eta ELA eta ErNE sindikatuko ordezkariok mahaitik jaiki gara, eta SiPE sindikatuko ordezkariak ere erabaki horrekin bat egin du.
Gai horri ez heltzearren gehiengo sindikala isilarazi da. Izan ere, hori eginez gero Ortzimuga 2016 Planaren porrota onartzea bezainbeste litzateke-eta.
ESAN sindikatuak, Sailarekin batera noski, berak bakarrik Ertzaintzaren Kontseiluko bileran jarraitzea erabaki du. Era horretara, ez du aurkakotasunik erakutsi, eta, berez, Ertzaintzako Zuzendariari eta bere ezin okerragoko segurtasun-politikei babesa eskaini die.
Bestalde, aurrez ezarritako aztergaiek ez zuten eztabaidarako biderik ematen. Izan ere, lau zerbitzu-egintzen eta diziplinazko espediente baten ez onartzea zen, eta, Sailaren ordezkarien botoekin hala erabakita zuten.