ELA-Ertzaintzako prebentzio-ordezkariak salaketa jarri du Segurtasun Sailaren aurka Bizkaiko Lan Ikuskaritzan

2024/02/05
Sailak uko egin dio Ikerketa Arloko Lan Osasunari buruzko Legearen ez-betetze sistematikoei erantzuteari

ELAk urteak daramatza salatzen ikerketa esparruan dagoen langile exkaxiak ondorio larriak dituela ertzainen lan osasunean. Eta Sailak gaixotasun arrunteko baja gisa tratatzen dituela, laneko bajak direnak

ELAko Lan Osasuneko Kabineteak egindako azterlanaren ondorioak (300 ertzain inguruk hartu zuten parte) ezin argigarriagoak izan ziren. Ikerketaren arabera, inkestatutako pertsonen % 51k lan-istripuren bat izan du noizbait, eta % 63k lanbide-gaixotasunen bat izan du. Datu horiek modu kategorikoan gezurtatzen zituzten Sailak urtero aurkezten dituen jarduera-memoriak. (Adibidez, 2021ekoak baieztatzen zuen 2021ean erregistratutako 8.131 bajetatik bat ere ez zela lanbide-gaixotasunarengatik izan (eta 8 baino ez lan-istripuengatik).

ELAko prebentzio-ordezkariak urrian egindako lan-osasuneko bileran aurkeztu zituen ondorio horiek, eta Sailari eskatu zion neurri zehatzak har zitzala arlo horretan legea betetzeko.

Sailak ez die jaramonik egin ELAren eskaerei, eta, beraz, ostegun honetan salaketa jarri dugu Lan Ikuskaritzan Segurtasun Sailaren aurka, gure ustez nahita ari direlako Mutuaren eta/edo Prebentzio Zerbitzuaren praxi txarrean, Ertzaintzako langileen aldi baterako ezintasunagatiko bajak kudeatzerakoan. Horrez gain, ez dira bete bai lan-istripuaren definizioa ezartzen duen 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 156. artikulua, bai Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/95 Legearen 16.3 artikulua, osasunari kalte egin dioten arrazoiak eta/edo lan-baldintzak ikertzeari eta prebenitzeari dagokionez.

(AGIRI/SALAKETA HEMEN IKUSI)