ERTZAINTZA
ELAk eskatu du martxoaren 5ean Donostian zauritu bat eragin zuen Ertzaintzaren karga sakon ikertzea

Pertsona bat zauritu zen, eta irudi horiek ikusita, gertakariak argitzeko bidea ireki behar da, eta Brigada Mugikorraren jokabidearen erantzukizunak argitu behar dira. Irudietan azaldutakoak kalte zuzena eragiten die Ertzaintzari berari eta Ertzaintza osatzen duten pertsonei, erakunde horrek bermatu behar baititu herritar guztion eskubideak. ELAren ustez, onartezina da Segurtasun Sailaren jarrera, zerbitzu egokia bermatzeko gai ez delako, okultismoz jokatzen duelako eta, gainera, biktimari errua egotzi diolako. Sailaren jarduera horrek korporatibismo toxikoari bide ematen dio, eta, horrela, Ertzaintzarekiko gaitzespen soziala bultzatzen da.
Halaber, ELAk elkartasuna adierazi die zaurituari eta haren hurbilekoei. Bestalde, ELAk Hernanitik gertu agertutako mehatxuzko azken pintadak gaitzetsi ditu, ekintza onartezina eta bizikidetzaren oinarrizko printzipioen aurkakoa delako.