ELA eta ErNE sindikatuok gure osasunaren aldeko elkartaratzea egin dugu

2016/12/15
Gaur ELA eta ErNE sindikatuok, Erandioko Segurtasun Sailaren eraikinaren aurrean elkartaratzea egin dugu Lan Arriskuetarako Prebentzio Arloko Alorburuak Lan Prebentzio eta Osasun delegatuei bilera deia egin diela aprobetxatuz.

Protesta-elkartaratze honekin Sailak duen jarrera salatu dugu. Egin-eginean ere, ez baitu aitortzen Lan-Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen urratze eta hutsegite larriak egin dituela (besteak beste, polizia-zientifikoa, eta BBII). Halaber, adierazten du, beti, legedia zorrozki bete izan duela. Bide beretik, salatu nahi dugu aurkeztu diren salaketen aurrean Sailak agertzen duen hutsikeria: besteak beste, polizia egoitzetako egokitze-lanak direla-eta, autoen-parkea, etab...Eta, baita, lan-istripuak ikertzeko ezer ez egitea ere; bereziki, oso  lesio larriak edo heriotza ondorio izan dituztenak. Gure ustez, agerian gelditzen da,  egiari huts egiten diotela, eta, baita, eginbeharrekoari ere.

Gaurko bilera eta gero esan dezakegu "aurpegi garbiketa" eta "propaganda hutsa" besterik ez dela izan. Hortaz, ELAk lehengoari eusten dio, hau da, Begizko Ikuskatze eta ebidentzia-frogeei loturik Lan-ikuskaritzan egindako salaketaren edukian baieztatzen gara. Beraz, laboratorioak itxita jarraitzea exijitzen dugu, araudia betetzen ez den bitartean behinik behin. Baita, Legeak agintzen duen tresna eta material egokiz langileak berehalakoan hornitzea ere, eta, premiaz, dagozkien mediku-azterketak egitea ere exijitzen dugu. 

Era berean, ELAk exijitu du gai honi dagokion Prebentzio eta Osasun Batzorde bereziaren premiazko bilera-deia egitea. Hasiera batean horri uko egin badio ere, azkenerako onartu da hala egitea.

Bukatzeko, inoiz, azal-aztarnak errebelatzeko gaiekin edo laboratorioko 
beste gai batzuekin lan egin duzuen guztioi, gogoratzen dizuegu zuen esku duzuela ELAko delegatuen bitartez edo Web-ean sartuz (ikusi ELA.eus), unitate guztietan, mediku-azterketa egiteko eskaera-orria. Hori guztia zure osasun- babes eta -zaintzarako eginak dira eta.

ZURE OSASUNAREKIN EZ JOLASTU, ZURE ESKUBIDEAK DEFENDATU!