ELA eta ErNEk salatzen dute Ertzaintzaren ikerketa arloko anabasa eta zurruntasuna

2016/02/04
ELA eta ErNE sindikatuek Donostiako justizia jauregiaren aurrean elkarrekin salatzen dugu Ertzaintzaren ikerketa arloan gaur egun bizi dugun erabateko urritasun egoera, eta Segurtasun Sailaren zurruntasuna.

Ikerketa arloan Kideak falta dira, eta daudenak ez dute prestakuntzarik; eta horrek ondorio larriak ditu: ez ertzainentzat soilik; baita, EAEko herritarrentzat ere.

Segurtasun Sailak egin duen azken lekualdatze-lehiaketak egoera larritu besterik ez du egin. Honek eragin du, batez ere Gipuzkoan, ikerketa arloan kideen eskasia eskandaluzkoa izatea. Esate baterako hauek dira gaur egungo benetako datuak:

  • Eibarren: aginte-lanpostuen %60a utzik
  • Zarautzen: agente-lanpostuen %60a utzik
  • Azkoitian: agente-lanpostuen %50a utzik
  • Bergarako trafikoan: agente-lanpostuen %40a eta aginte-lanpostuen %80a utzik
  • Ondarroan: agente-lanpostuen %84a eta aginte-lanpostuen %86a utzik
  • Hernanin: lanpostuen %50a baino gehiago espezialitaterik gabeko kideekin hornituta dago

Benetako langileria gabezia honi gehitu behar zaio Sailak aurretik arlo honetan, zehazki herritarren arretan, (guardiako ikerketan) ertzainak nabarmen gutxitzeko erabakia hartu izana. Bide beretik, azken lege aldaketak polizia kideei bere kabuz jarduteko ahalmen gehiago ematen die, eta lege-aldaketa horien aurrean sailak ertzainei ez die beharrezko prestakuntzarik eman, ez eta eguneroko jardunean behar diren zuzentarau argirik ere, horrenbestez, egoera benetan kezkagarria da.

Ertzaintza erreakziozko polizia soilean bihurtu da. Ikerketa-sistemen arteko jardunetan ez dago berdintasunik, eta zerbitzua eman behar zaion herritarrengandik urrundu egin da.

Kideen gabezia horrek ertzainei sekulako mugikortasun geografikoa eragiten die, euren segurtasuna arriskuan jartzeraino eragin ere (trafiko-istripuak egon dira). Horretaz gainera ertzainok geure buruari ezarria diogun betebeharra da herritarrei kalitatezko zerbitzu-publikoa ematea, eta hau bete ezin izateak, hau da, nahi eta ezin horrek (etsipen horrez) gain-estutasun egoerak eragiten digu, inork nahi ez dituen egoeretara eraman gaitzaketenak, alegia.

Europako gainerako polizietan ikerketa arloan lan egitea irrikatzen den helburua izaten da. Ertzaintzan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da, eta aukera txikiena nahiko dute eskarmentu handiko agenteek bertatik hanka egiteko.

ErNE eta ELA erakundeok salatzen dugu Segurtasun Saila dela egoera honen erantzule nagusia. Gainera, konpondu ahal izateko ez du arazoa bere gain hartu nahi. Horrenbestez, justizia administrazioari babes eskaria egiten diogu, hain zuzen ere,  Segurtasun Saila behartu dezan ikerketa arloan hartu dituen erabakiak aldatzera.