ELA sindikatuak Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Auzitegi-Genetika Sailak DNA analisi zerbitzuaren pribatizazioa salatzen du

ELA-Ertzaintzak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak konkurtso bat irekitzeko albistea zabaldu du bere kontratazioetako web orrian, Ertzaintzaren ADN analisiak kanpora ateratzeko. Esternalizazio berri horrek urratuko luke Euskal Funtzio Publikoaren 2011 urteko Mahai Orokorraren akordioa, zerbitzu gehiago ez esternalizatzeko konpromisoa hartzen zuena. Orain dela gutxi beste horrenbeste gertatu zen Urdulizko Ospitalean, non Osakidetzak sukaldea, garbikuntza, esterilizazioa eta mantenimendua lizitatu nahi zituen, baina ELAk asmo horiek salatu ondoren, lizitazioa bertan behera uztea lortu zen.
Segurtasun Sailaren pribatizazio-saiakera berri horren atzean hainbat urtetatik hona eman den kalitatezko zerbitzu publiko hori indartzeko borondate eskasa dago. Izan ere, Ertzaintzaren Genetika Laborategia horrelako azterketak egiteko eratu den lehenetarikoa izan da Estatu osoan.
Segurtasun Sailak, duen zerbitzu hori indartu beharrean, 800.000 euro 2 urtetan gastatzea erabaki du (200.000 euro 2018an eta 600.000 euro 2019an).
Lizitazioaren Oinarri Teknikoak irakurrita, Eusko Jaurlaritzak berak jarritako eskakizunak zein diren ikus daiteke “laborategiko pertsonal teknikoak egin behar ditu analisiak, eta horretarako, UNE-EN-ISO/IEC 17025 arauan ezarritako titulazioaren jabe izan behar dira (biologia, biokimika, farmazia, kimika, medikuntza, albaitaritza)”. Titulazio-eskakizun horiek analisiak epaitegietan aurkezteko derrigorrezkoak dira, baina ez daude jasota, hala ere, Ertzaintzaren Lanpostu Zerrendan, ELAk 103 mahaian Polizia Zientifikoko plazetan beharrezko eskakizunak izateko hainbatetan eskatu badu ere, postu horietako eginkizuna lan horiek berak egitea baita, eta Segurtasun Sailak ez ditu inoiz kontuan hartu. Ezezko hori bera eman die Giza Baliabideen Zuzendaritzak afiliatu batzuei, Polizia Zientifikoko atal teknikoetan egiten diren lanak egin ahal izateko behar diren titulazioak Lanpostu Zerrendan agertzeko egindako eskariei erantzunez, unitatearen barne-arazoak zirela aitzakiatan. Baina oraingo lizitazioan ondo agerian utzi ditu Eusko Jaurlaritzak Segurtasun Sailak orain arte urtetan esandako gezurrak, Ertzaintzaren azterketa teknikoak egiteko behar diren titulazioen inguruan. Titulazio horiek ez badira beharrezkoak, zergatik eskatzen ditu Sail horrek berak beste postu batzuetan Lanpostu Zerrenda berean, besteak beste, marinelarenean edo helikoptero-pilotuarenean?
Baina arazoa are larriagoa da, kontuan hartzen badugu Segurtasun sailburua gezurretan ari izan zela legebiltzarrean, EH-Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideari erantzutean, 2014ko uztailaren 3an. Orduan, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko pertsonalari ADN analisiak egiteko eskatzen zaion titulazioaz galdeturik, lanbide-kategoria (agentea, 1. mailako agentea...) baino ez zela behar erantzun zuen. Eta orain Eusko Jaurlaritzak berak aitortu du ISO 17025 arauaren titulazioa nahitatezkoa dela, ADN identifikazio-txostenak egin ahal izateko.
Polizia Zientifikoan izaera teknikoko ataletan diharduten ertzainen lana hain estimu gutxian izatearen ondorioz azken urteotan lizentziaturadun teknikari batzuek alde egin dute Auzitegi-Genetika Ataletik, eta horrela kalitatezko lana hainbat urtetan egin dutenen giza kapital hori galdu da. Izan ere, teknikari horiek egindako ADN analisiak funtsezko baliabideak izan dira hainbat eta hainbat kasu ebazteko.
Oso kezkagarria da, gainera, lizitazio-oinarrietan ezarritakoak arriskuan jartzea enpresa esleipendunak emango dituen txostenen balioa, zeren oinarrietan hau bakarrik eskatzen baita: “peritaje-txostenak, gutxienez, unibertsitateko goi-mailako titulazioko teknikari batek eta laborategiko laguntzaile batek sinatu behar ditu”, eta Prozedura Kriminalaren Legeak bi perituren sinadurak eskatzen ditu (ezaguera teknikoko pertsonek defendatu behar dute txostena auzitegiaren aurrean). Eguneroko praktikak erakutsi digu, gainera, puntu hori oso garrantzitsua dela; zeren ahozko ikustaldiaren egunean baliteke teknikarietako batek agertzerik ez izatea, beste epaitegi batean zitazioa izateagatik, gaixotasunagatik... Beraz, teknikari bakar batek sinaturiko txostenak baliogabeak izan daitezke, eta hori dirua alferrik xahutzea izango litzateke, eta barregarri geratzea Justiziaren eta euskal gizartearen aurrean. Horrez gain, enpresek eskaintzak aurkezteko duten epea laburra denez, eta gaur arte EAEn horrelako analisiak egiteko enpresa bat bera ere egiaztaturik ez dagoenez, beldur gara ez ote garen egongo trikimailu baten aurrean, horrelako lanak nahierara esleitu ahal izateko.
Erabaki hori larria da oso, zeren Segurtasun Sailak datu judizialak jakinarazten dizkio enpresa pribatu bati, ADN laginak, genetika-nortasuneko datuak emateko balio dutenak, eta berebiziko babes eta bermea behar dutenak.
Denetan txarrena da diru publikoaren xahutze hori ez dela izango ezta neurri eraginkorra ere. Hala da, 2018ko hasieran 15.000 lagin gutxi gorabehera daude aztertzeko zain; eta administrazio-oinarrien arabera 345 euro ordainduko da, STR analisia egiteko ADN nahikoa duten lagin bakoitzeko; eta 103 euro STR analisia egiteko ADN nahikorik ez duten lagin bakoitzeko. Beraz, onenean ere, epealdia amaitu orduko, 2500 lagin egin litezke; eta argi geratzen da jokaldi hori itxurakeria hutsa izan dela.
Diru publikoa zerbitzu hori pribatizatzen alferrik gastatu beharrean, Segurtasun Sailak bere jarrera aldatzea izango zen beharrezkoa, orain arte agerikoa dena ukatu izan baitu. Izan ere, 800.000 euro horiekin Genetika Ataleko pertsonal-dotazioa ugaldu liteke, oraingo 10 postuetatik 15 postura, txostenak egiteko eta epaitegietan defendatzeko gai diren teknikariekin. Eta horrela analizatu litezkeen laginen kopurua hiru aldiz handiagoa izango litzateke, 2.500 lagin aztertzetik 7.000ra epealdi berean, eta zerbitzu hobea emango litzaioke euskal gizarteari.