Euskal Polizia Legea

ELAk alderdi politikoei eskatu die Legea alda dezatela hizkuntza eskubideak bermatzeko

2024/09/06
ELAk arbuiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak Udaltzaingoko lan poltsa bateratuaren inguruan emandako epaia, "auzitegietan bira euskarafoboa" gertatu dela uste baitu. Izan ere, epaiak dio udaletan ez bada eskatzen udaltzaingoaren plaza guztietarako B2 hizkuntza eskakizuna, ezin dela eskatu bateratutako lan poltsan ere. Sindikatuak premiazkotzat jo du hizkuntza eskubideen eta plantillen behin behinekotasunaren gaia jorratzea, eta ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko LEPen eta lan poltsa bateratuen aldeko apustuak euskaldunen hizkuntza eskubideei ere kalte egiten diela.

ELAk uste du udalek kudeatu behar dituztela Udaltzaingoko EPEak eta lan poltsak udaltzainen behin-behinekotasunarekin amaitzeko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko. Aldi berean, Euskal Polizia Legea aldatu behar da euskararen perfil eskaera betebeharreko baldintza izan dadin. Egun gazteleraz soilik jakitea da derrigorrezkoa.

Eusko Jaurlaritzak eta udalek lan poltsa eta EPE bateratuaren aldeko apustua egin zutenean, alde batetik, zenbait udaletako udaltzain plazek euskara eskakizuna izan arren, postu horietan lanean zeuden behin-behineko udaltzainek ez zuten eskakizun hori betetzen. Bestetik, hizkuntza eskaerak ezberdinak ziren udaletan: batzuetan euskara profila eskatzen zen udaltzain lanpostu guztietarako, eta beste batzuetan, aldiz, kopuru jakin baterako.

Egoera hori gainditzeko eta euskarazko zerbitzua bermatzeko, B2 euskara profila eskatu zuten udaltzainen lan poltsa bateraturako. Erabaki hori epaitegian errekurritu da eta EAEko Auzitegi Nagusiak adierazi du udaletan udaltzaingoko lanpostu guztietarako profila eskatzen ez bada, lan poltsa bateratuan ezin dela halakorik eskatu. Aldez aurretik izandako epai batzuek ere gaitzetsi dute udaletako udaltzaingo lanpostu guztietarako euskarazko profila eskatzea. 

ELAren ustez, argi dago  EPE eta lan poltsa bateratuak ez direla irtenbidea hizkuntza eskubideak bermatzeko, ezta behin-behinekotasunarekin amaitzeko ere. Egoera horri aurre egiteko bestelako bermedun neurri sendoak hartu behar dira. Ildo horretan, ELAk behin eta berriz eskatu du euskara profila EAEko polizia izateko eskakizunetan sartzeko, udaltzain zein ertzain, baina alderdiek ez dute eskari hori aintzat hartu.

ELAren ustez, eskakizun hori legean sartu ezean, nekez bermatuko dira herritarren hizkuntza eskubideak, aukera zabalik uzten baitu errekurtsoak jartzeko eta kontrako epaiak ebazteko. Gainera, kontuan hartu behar da egun lanean hasiko diren langileek baldintzatuko dutela etorkizuneko zerbitzua eta hizkuntza eskubideen betetzea. Horregatik beharrezkoa da hizkuntza eskubideak bermatzeko eskakizunak bermatzea, dio sindikatuak.

Horretarako, euskaraz ez dakiten langileei ere euskaraz ikasteko baldintzak eta baliabideak bermatu behar zaizkiela baieztatu du, etorkizunean euskaraz lan egin eta euskarazko zerbitzua egoki eskaintzeko.