ELAk eta ErNEk eskatu diote Eusko Jaurlaritza berriari Ertzaintzan egindako murrizketa guztiak lehengoratzeko eta murrizketa gehiago egingo ez duela hitzemateko

ELA eta ERNE sindikatuek, Ertzaintzan nagusi diren sindikatuek, elkarretaratze bat antolatu dugu urriaren 4rako, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean. Elkarretaratzearen goiburua hauxe izango da: “HORIZONTE 2016 CAOS Y LEJANIA, NO A LOS RECORTES, MURRIZKETARIK EZ! XXV eta XXVI promozioa aurrera”.
Elkarretaratze horretan eskatuko diogu laster batean osatuko diren Eusko Jaurlaritza berriari eta Segurtasun Sailari azken urteotako murrizketen eta negoziazio-borondate ezaren politika errotik aldatzeko, egindako murrizketak lehengoratzeko, eta murrizketa gehiagorik ez egiteko.
ELAren eta ERNEren ustez, Estefania Beltran de Herediaren ardurapeko Segurtasun Sailaren nortasun-ikurra Horizonte 2016 plana ezartzea izan da, negoziatzeko batere borondaterik gabe. Beraz, elkarretaratze horren bidez orain arteko jokabidea hurrengo legealdian aldatzeko eskatuko dugu.
Murrizketa horietako batzuk egiteko aitzakia Gobernu Zentralaren oinarrizko legeria izan da. Aitzakia esan dugu, zeren atzera pausoak emateko aukera izan dutenean, ez dituzte eman. Halaxe gertatu da Itzarrirentzako ekarpenetan, aparteko ordainsariaren itzulketan edo aldi baterako baliaezintasunaren osagarrietan. Beste batzuetan murrizteko ekimena Eusko Jaurlaritzatik bertatik sortu da.
Oraingo testuingurua, argi dago gobernu espainolak, osatu bezain laster, murrizketa berriak erabakiko dituela, eta horiek seguru aski eragina izango dutela zerbitzu publikoetan eta zehazkiago Ertzaintzan.
ELAtik eta ERNEtik eskatzen diogu sail berriari orain arte egindako murrizketak lehengoratzeko, eta negoziazio-borondatea erakusteko; horrela bakarrik hobetu ahal izango dira ertzainen lan-baldintzak eta herritarrentzako zerbitzua.
Elkarretaratze horretan, halaber, eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzari Ertzaintzaren alde agertzeko, Estatuko Gobernuaren helegiteen aurrean, eta XXV. promozioko ertzainak kalean mantentzeko, eta XXVI. promozioko prozesua bultzatzen jarraitzeko.
Sail berriak oraingo murrizketei eutsiko balie edo murrizketa gehiago egingo balu, ELAk eta ERNEk mobilizazioak bultzatuko lituzkete, murrizketak lehengoratzea lortu arte; hori baita bidea herritarrentzako zerbitzu publikoak hobetzeko, eta zerbitzu horiek ematen dituzten ertzainen lan-baldintzak jasotzeko.