GASTEIZKO UDALTZAINGOA

ELAk salatu du Udalak bitarteko langileak kontratatu nahi dituela

2024/12/13
ELAk kontratazio horiek bertan behera uztea eta hitzemandako 25 lanpostuak LEP bidez betetzea eskatu du.

"Udaltzaingoan dauden langileen gabeziei" aurre egiteko, Gasteizko Udala "kontratazio bat prestatzen ari da aldi baterako hainbat agente interino ekartzeko", ELAk komunikabideen bidez jakin duenez. ELAk gogorarazi du Udaltzaingoa izan dela inoiz bitarteko langilerik izan ez duen zerbitzu bakarra, beti izan dela karrerako funtzionarioek osatutako zerbitzua.

ELAk Udalaren alde bakarreko erabakia errefusatu du, Langileen Batzordeari eta Atal Sindikalei inolako negoziaziorik eta jakinarazpenik egin gabe, nahiz eta hainbat bilera egin dituen. ELAk kritikatu du Gasteizko Udalak behin-behinekotasunaren eta prekarizazioaren aldeko apustua egin duela Udaleko eta zerbitzu publikoetako langileak egonkortzeko prozesuan. Horregatik, ELAk dei egiten du Udalak kontratazio horiek bertan behera utz ditzan eta hitzemandako 25 lanpostuak LEP bidez bete ditzan.

ELAk beti defendatu du Udaltzaingoko langileen lan-baldintzak hobetzea, baina ez dator bat beste "ardura-greba" bat deitzeko erabakiarekin, aldarrikapenak (langile falta) partekatzen dituen arren, ez dagoelako ados estrategiarekin. ELAk uste du kaltegarria dela herritarrentzat eta udaltzainentzat beraientzat.