ELA-Ertzaintzak salatu du Larrialdietako gatazkan ez duela Olanoren berririk izan

2018/11/20
Elkarretaratze deialdia egin da biharko: 10:30ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Zerbitzua Bizkaian zentralizatu eta, ondorioz, Gipuzkoako eta Arabako egoitzak ixtea salatuko da mobilizazioarekin. Zentralizatzearen ondorioz, zerbitzu horretan lan egiten duten Ertzaintzako, Osakidetzako eta Eusko Jaurlaritzako langileak leku-aldaketak egitera behartzen dira; ELAren ustez premiarik gabekoa dena, eta zerbitzuaren kalitatean eragin txarra duena, gainera

Badira hiru hilabete ELAk Gipuzkoako Foru Ahaldun Nagusiari bilera eskatu ziola, eta ez zaio inolako erantzunik eman. Batzar Nagusietan ere gai honetaz aritzea ez da onartu; bertan PNVk eta PSEk  horretarako batzorde bat sortzeari uko egin diotelarik.

Hau guztia, Gipuzkoako herritarrei, eta hedapenez Arabakoei, egiten zaien arduragabekeria eta begi-bistako mespretxua da; eta herritarrei lehentasunezko zerbitzu honen zentralizazioaren arrazoiak ezkutatzen zaizkie.  ELAren ustez zerbitzu honek ahal den eta hurbilenekoa izan behar du; kontrakoak gorabehera gehiago, eta eman beharreko erantzunean luzapena besterik ez baitakar.