ERTZAINTZA
ELAk uste du akordioak Segurtasun Sailari mesede eta sektoreari kalte egiten diola

ELAk nabarmendu du atzo Ertzaintzan lortutako aurreakordioa galdutako aukera bat dela, ez baitu neurririk jasotzen plantillaren bizi eta lan baldintzak hobetzeko, 13 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren. Akordioaren helburua langile gabeziak ikusezin bihurtzea dela salatu du. Plantilla handitu beharrean, aparteko orduak egiteagatik eta lan kargak handitzeagatik eskupekoak adostu dira, eta horrek langileen osasunean ondorioak izango ditu. ELAk uste du jarduteko modu hau aurrekari izan daitekeela EAEko gainerako zerbitzu publikoetarako.
Soldatari dagokionez, ez da berreskuratu azken 13 urteetan galdutako erosteko ahalmena. Gainera, soldata igoera osoa, 4.200 euro, ez da inolaz ere urtebetean lortuko, ezta 2025ean zehar ere. Lanbide garapeneko prestakuntza osagarria jasotzeko (4.200 euro horien % 30, Ertzaintzaren lanbide karrera diskriminatzailearen gabezia larriak arintzeko) oraindik sortu ez diren ikastaroak egin beharko dira. ELAk salatu du, halaber, unitate batzuek igoera kobratuko dutela 2025eko urtarriletik (ikerketa, inteligentzia, BM, bizkartzainak...) eta beste batzuek 2025eko martxotik (S.C, trafikoa, CMC, Idazkaritza Nagusia...).
Erretiro primak jasotzeko eskubidea Hitzarmenetik desagertzen da. Halaber, ez dago azken lege aldaketak hobetuko dituen aurrerapenik kontziliazioaren arloan; aitzitik, Ertzaintzak beste kolektibo batzuekiko zuen diskriminazio egoerarekin amaitzera mugatzen da. Gainera, ez da lan osasunaren arloko neurririk hartu, eta Saila arlo hori sistematikoki urratzen ari da.
Eusko Jaurlaritzak sektore publikoaren baldintzak negoziatzea Estatuko legediaren mende dagoela dioen arren, aurreakordioak erakusten du borondate politikoa badago, ez dagoela mugarik EAEko aurrekontuetatik harago. ELAk mobilizazioa bultzatzen jarraituko du Ertzaintzaren baldintzak hobetzeko, helburu hauekin:
- Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako gainerako langileek galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea.
- 8.000 ertzaineko plantilla osatzea. EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioan adostutakoari jarraituz, enplegu publikoaren arloko beharrak erabakitzeko atea irekitzen duena, 8.000 efektibo lortzea bermatuko dituen egutegi bat berehala adostea.
- Ongizate fisikoa eta emozionala bermatzea. Arrisku psikosozialen eta ergonomikoen arloko neurriak ezartzea.
- Akademiaren erabateko eraldaketa. Prestakuntza egokia, jarraitua eta egungo errealitatera egokitua bermatuz.
- Burokratizazioarekin amaitzea eta langileei gehiago entzutea.
- Plantilla euskalduntzeko beharrezkoak diren baldintzak, prestakuntza eta baliabideak bermatzea.
- Genero berdintasuna bermatzeko neurriak ezartzea.