ELAren ustez Ertzaintzaren hain jokabide larriaren aurrean, bere arduradun politikoak dimititu egin behar du edo kargutik kendu behar dute

2012/04/10
Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuten joan den osteguneko gertaera larrien aurrean ELAk erabateko ikerketa eta ardurak azken muturreraino eramatea eskatzen du

ELAk bere doluminik biziena helarazi nahi dio Iñigo Cabacasen senide eta ingurukoei; Cabacas atzo hil zen,  joan den ostegunean jasotako zauri larrien ondorioz. Azken egunotan gertatutakoaren inguruan eta poliziaren jokaerari buruz jasotzen ari garen lekukotza ezberdinek muturreko larritasuna dute. Honek  hausnarketa sakona eragin beharko luke arduradun politikoen burutan  zer nolako eredu poliziala ezartzen ari diren aztertzeko.

ELAk uste du kontseilariak ere kontuak eman behar dizkiola bai gizarteari baita komunikabideei ere, ikerketen benetako egoeraren inguruko informazioa sinesgarria emanaz; era berean, kontuak eman beharko lizkioke ikuskaritza organo independenteen aurrean. Gizarteak bere osotasunean euren lanaren garapenean botere bereziak dituzten indar polizialen  ekinbideak eta jarduerak kontrolatzeko eskubidea du.

ELArentzat, ulertezina da Rodolfo Aresek zuzentzen duen Barne Sailak orain arte Ertzaintzaren jokaeraren inguruko bertsio ofizialik emateko ezgauzak izatea, gertaeren larritasuna kontutan harturik.

ELAk Ertzaintzaren agintari gorena jotzen du gertatutakoaren erantzule, eta ikerketan azken muturreraino joatea exijitzen du, horrek maila guztietan - ardura politikoak barne-, izan ditzakeen ondorioekin kontsekuente izanik.