Ertzaintzako Euskara Planaren bilera

2019/02/06
Segurtasun Sailak 2018-2027 plangintzaldirako Euskara Planaren berri eman zuen urtarrilaren 29ko bileran, Erandion
Hamar urteko epe horretarako 1500 ertzain euskalduntzeko plana da. Bi hizkuntza ofizialetan zerbitzua bermatzeko helburua du, eta lan-hizkuntza bezala, berriz, batez ere lehentasunezko unitatetan euskararen  erabilera normalizatzea; hasieran Gipuzkoako eta Bizkaiko AKZetan, Hernanin eta Gernika-Lumoko unitatetan ezarriko da, apurka-apurka. Unitate guztietarako komunikazio plan bat ere egingo da.
 
ELA-Ertzaintzak aldarrikatzen du euren borondatez euskara ikasten ari diren ertzinentzat era guztietako erraztasunak egon behar direla, legezko eta posible diren guztiak hain zuzen ere. Gainera, uste dugu Segurtasun Sailak sinesgarritasunik ez duela Euskara Plan hau aurrera eramateko. Izan ere, orain arte Ertzaintzako Euskara Plana dekretu bidez indarrean jartzen du, baina ez du inoiz erakutsi plan hori benetan osotasunean betetzeko borondaterik.
 
Modu berean argi uzten dugu Segurtasun Sailaren erabateko erantzunkizuna dela oraindik ere 4800 ertzainek oinarri-oinarrizko euskara maila ez izatearena. Ez da ahaztu behar Segurtasun Saila dela antolaketa eta pertsonal guztiaren arduradun bakarra. Ardura hori beste behin ere agerian gelditu zen bilera horretan, sindikatu guztiek exijitu baitzuten Ertzaintza benetan euskalduntzeko plan bat.
 
ELA-Ertzaintzak, Polizia Legeak agintzen duena jarraiki, eskatzen du etengabeko prestakuntza eta kalitatezko prestakuntzari loturik egin behar dela ertzain guztien oinarrizko euskalduntzea. Horretarako idatzizko plan bat aurkezten dugu, hamar urteren epean Ertzaintza erabat euskaldunduko duena. 
 
Ertzaintzarako eskatzen duguna Ertzaintzako goi-kargudunentzat ere eskatzen dugu, bestela egiten diren eginahal guztiak ez baitute sinesgarritasunik izango.