Ertzaintzan murriztutako lan-baldintzak berreskuratzea exijitu dio ELAk Jaurlaritzari

2018/12/20
Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin dute. Bertan gogorarazi dute ELA-Ertzaintzak urteak daramatzala Eusko Jaurlaritzak daraman murrizketa politikak geure lan-baldintzetan eta soldatetan dituen eragin larriak salatzen.

Krisiaren lehen urtetan murrizketa horiek ezartzeko aitzakia izan zen Estatuko Gobernuak inposatzen zituela; eta hemen “legezko aginduz” ezartzen zirela, alegia.

Azken urteetan, ordea, nahiz eta murrizketa horiek ezabatzeko Eusko Jaurlaritzak legezko eragozpenik ez izan, ez ditu desegiten, eta, gainera, eginahalak eta bi egiten ditu murrizketak iraun arazteko.

Horren adibiderik garbienetako bat erretiro-primarekin gertatzen dena da. Izan ere, Ertzaintzaren lan-baldinzak araupetzeko akordioan jasotako eskubidea da; beraz, ez dago legezko eragozpenik berau ordaindu ahal izateko. Baina, hala ere, ordaintzeari uko egin soilik ez, Ertzaintzaren kideentzat eskubide hori aitortzen duen sententzia eskuetan izanda ere, Euskal Herriko Auzitegi Nagusira jo du Sailak.

Jardunbide honen ondorioz gaur egungo eros-ahalmen galera %15 izatea dakar; Itzarrira egin beharreko ekarpenak osorik ez dira egiten; garapen-profesional hitzartua, baina egin ez dena, ez da ordaintzen. Falta zaizkigun ordainketa horiek guztiak egiteko ez dago inongo legezko eragozpenik; murrizketa horiek leheneratzeko borondate- politikoa besterik ez da behar.

Hori guztiagatik, abenduaren 28an, 10:30etan, Bilboko Kale Nagusiaren 85. Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera dei egiten dizu ELA-Ertzaintzak.

Exijitu nahi dugu behin betiko Eusko Jaurlaritzak leheneratu ditzala murriztutako lan-baldintzak, hala nola: erretiro-prima, galdutako eros-ahalmena, Itzarrira egin beharreko ekarpen guzti-guztiak, garapen-profesionala, eta abar...Halaber, Estefania Beltran de Herediak zuzentzen duen Segurtasun Sailari exijitzen diogu Ertzaintzan dagoen prekaritatea eta antolaketa-anabasari bukaera emango dion benetako negoziazioari ekitea; horrenbestez, Unitate eta Zerbitzuen ber-hedatzearen azterketa-lan zintzo eta zehatz bat egin, eta, bide batez, baita lan-postuen balorazio berria ere.