Euskal Poliziaren deialdi berria argitaratu da

2023/01/18
ELAk salatu nahi du Ertzaintzarako eta udaltzaingorako Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egindako deialdia beste urrats bat dela kolektiboaren baldintzak prekarizatzeko eta herritarrei ematen zaien asistentziaren kalitatea okertzeko

Ertzaintzako 127 plaza, Udaltzaingoko 83 plaza eta Udaltzaingoko zerbitzuetarako 2 plaza deitzen dira. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (2023/01/16).

(Ikusi deialdia) (Ikus garatutako gutxi gorabeherako gai-zerrenda)

Eskainitako plazei dagokienez, ez dira batere nahikoak. Ertzaintzan, Eusko Jaurlaritzak 127 plaza eskaintzen ditu; egungo egiturazko defizita iraunaraztea dakar, eta 2026rako plantilla 7.300 agentera murrizteko helburuan urratsak ematea. Honela adostutako 8.000 plazak baino 700 gutxiago egonez. Udaltzaingoan, Eusko Jaurlaritzak eta 31 udalek LEP bateratuaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute, nahiz eta oso agerian geratu den, LEP bateratuak kolektiboaren lan-baldintzak prekarizatu eta egiturazko beharrak ez dituen bermatzen.

Plaza gutxiegi eskaintzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak ertzain berriak erabili nahi ditu ikerketa kriminaleko eta bide-segurtasuneko espezialitateetan ertzainek gaur egun bizi duten egoera larriari irtenbidea emateko. Eremu horietan lan egiten duten ertzainen lan-baldintzak hobetzeko premiazko urratsak eman beharrean, LEPak eskaintzen dituen 127 plazetatik 100 erabiltzen ditu bi eremu horietarako; eta ertzain berriak 8 urtez espezialitate horietan egotera kondenatzen ditu, egungo plantillaren zati bati espezialitate horiek eskuratzeko aukera kentzen diolarik. Beraz, Sailak 27 plaza baino ez ditu eskaintzen herritarren segurtasunerako, esparru horretan ere plantillaren egiturazko defizita dago.

Euskararen arloan ez dago inolako aurrerapenik eta, beraz, herritarrei ez zaie bermatuko zerbitzu publiko hori herri honetako bi hizkuntza ofizialetan ematea.