Eusko Jaurlaritzak 2012an langile publikoei kendutako abenduko aparteko ordainsariaren agindua legezkoa dela dio Auzitegi Konstituzionalak

2012 urtean, pare bat urte lehenago Zapaterok hasitako murrizketa politikari jarraiki, Madrilgo PPren Gobernuak 20/2012 Errege-Dekretua onartu zuen. Dekretu honek, langile eta zerbitzu publikoen gaineko beste murrizketa batzuen artean, langile publiko guztiei abenduko aparteko ordainsaria ordaintzeko debekua ezarri zuen.
Une hartan, eta Estatuko araudiaren aurka, Eusko Jaurlaritzak (sozialisten esku) Euskal langile publikoei aparteko ordainsari hau ordaintzeko erabakia hartu eta horretarako agindua luzatu zuen. Zenbait langilek jaso ere jaso zuten aparteko hau, gero itzultzeko eskatu, eta gehienek itzuli bazuten ere.
Estatuko abokatuak Eusko Jaurlaritzaren agindu hura Auzitegi Konstituzionean errekurritu zuen, halako gaiari buruz erabakitzeko eskuduntza Estatuari, eta ez Jaurlaritzari, zegokiola argudiatuz.
Ordutik hona adierazpen ugari egin ditu Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalari epai bat eman dezala eskatuz, milaka euskal langile publikoren inzertidunbrea salatuz, eta Jaurlaritzak dituen eskuduntzen eta autogobernuaren defentsa aldarrikatuz.
Alabaina, adierazpenak adierazpen, Estatuko Gobernuak berak murrizketa batzuk atzera botatzeko aukera eman duenean ere, Eusko Jaurlaritzak murrizketak aplikatzen jarraitu du; 2012ko aparteko ordainsaria da murrizketa horietako bat, Itzarriko ekarpenekin edota 2015eko antzinatasunagatiko egunekin batera. Egun, 2012ko aparteko ordainsari haren erdia zor dio Jaurlaritzak oraindik bere menpeko ia 80.000 langile publikori.
Lau urte luze geroago, Auzitegi Konstituzionalak eskuduntza gatazka honen inguruko epaia eman du. Honek dioenez, 2012ko aparteko pagaren inguruan erabakitzeko eskuduntza Estatuari zegokion, baina egun ez dago legezko eragozpenik aparteko ordainsari osoa itzultzeko, estatuak 2016rako aurrekontu legeaz geroztik debekua altxatua baitu. Ondorioz, Jaurlaritzak 2012an ordaintzeko hartutako erabakia ez du deuseztatzen Konstituzionalak.
Epai honek garbi uzten du, Jaurlaritzak murrizketak aplikatzen baditu politika hauekin ados dagoelako dela, eta ez inork behartzen duelako.
ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio itzul diezaiela 2012ko aparteko ordainsari osoa euskal langile publiko guztiei, gainerako murrizketa guztiak atzera bota, eta aurrerantzean, murrizketa politika hauetatik aldendu eta euskal zerbitzu zein langile publikoen aldeko politikak aplika ditzala.
Jaurlaritzak ez badu 2012ko aparteko ordainsari osoa itzultzeko agindua berehala ematen, epaitegietara jo beharko dugu, ELAk bere zerbitzu juridikoak martxan jarriko dituelarik langile publikoek beraien eskubideak epaitegietan ere defenda ditzaten.