Ez da batasun sindikalaren arazoa, eredu arazoa baizik

2023/05/10
ELAk uste du joan den astelehenean milaka ertzainek aurrera eraman zuten mobilizazioa abisu argia dela dela bai euskal politikarentzat, bai Ertzaintzan ordezkatuta dagoen sindikalismoarentzat

EAEko azken gobernuek funtzio publikoaren kudeaketa neoliberalaren aldeko apustua egin dute. Politika horren ondorioak sektore guztietan sentitzen dira, baita Ertzaintzan ere. Herenegun Ertzaintzan adierazi zen atsekabea ez da, zentzu horretan, euskal Osasuneko langileek edo aspalditik mobilizatzen ari diren beste batzuek pairatzen dutenaren desberdina. ELArentzat politika neoliberal hori Gasteizko Gobernuen eta horiek osatzen eta babesten dituzten alderdien ardura da.

Lan-baldintzak ahultzen dituen politika horren aurrean, ELAk mobilizazioaren aldeko apustua egin du beti. Hori da sindikatuak herrialdeko sektore guztietan sustatzen duena, indar-korrelazioan irabazteko, eta horrek azaltzen du EAEko lanbaldintzak Estatukoak baino hobeak izatea. Balio du datu honek: 2022an EAEn estatu osoko greben % 50 baino gehiago egin ziren, baina biztanleriaren % 6 baino ez dugu! Ertzaintzaren sektore publikoaren kasuan, ELA izan da deitu diren greba guztien buru. Horregatik, ELA-Ertzaintzaren ustez, kolektiboaren lan-baldintzak ez dira okertu sindikatuen arteko batasun faltagatik, hori beste sektore askotan gertatzen da ere. Funtsezko arazoa mobilizaziorik eza eta eredu sindikal klientelarraren aldeko apustua da, gai osagarriekin (opariak, bidaia-deskontuak, 0 kuota edo gai-zerrenda doan) kezkatuago dagoena Kolektiboko langileen bizitza- eta lan-baldintzekin baino. Eredu klientelarrak, gainera, Gobernuaren interesen aldeko hitzarmen-politika erakusten du, lorpen handitzat hartzen diren edukien akordio hutsak sinatuz.

Urteetan zehar, Segurtasun Saila eredu klientelar eta konzertazio eredu horren onuradun izan da. Eta gogor lan egin du Ertzaintzan funtzio publiko guztiarekiko eta ELArena bezalako langileriarekiko elkartasunezko sindikalismoaren erreferentzia ahuldu dadin. Prozesu honen azken gertakaria izan da gure sindikatua negoziaziomahaitik eta Lan Osasuneko Batzordetik kanpo uztea. Lehenengoa lortu du, egiaztatutako sindikatuen ageriko pasibotasunarekin.

ELAk positibotzat jo du Ertzaintzako milaka langilek mobilizazioaren alde egitea. Baita gehiengoak sinatutako akordioak eskatzea ere ELAk beti defenditu duena (gutxieneko demokratikoa, bide batez, Gobernuak sistematikoki betetzen ez dituena). Premiazkoa da Seguratsun Sailaren lan-politika iraultzea eta azken urteetan izandako murrizketei amaiera ematea. Era berean, logikoa denez, barne-batasunaren aldeko apustua egiten dugu, betiere aldez aurretik argitzen bada batasun hori zertarako den, eta negoziatu behar duten erakundeen artean gutxieneko edukiak adosten badira.

Ertzaintza inguruko nazioen errekonozimendua izan duen polizia-kidegoa da, baita Estatuko gainerako nazioena ere. Ez bakarrik lan-baldintza hobeak dituelako, baita polizia-eredu demokratiko, zibil eta giza eskubideak errespetatzen dituen batekin konprometitutako eragile eta erakunde sindikalak beti egon direlako. ELAren ustez, gobernuen politika neoliberalak, batetik, eta sindikalismo klientelarraren eta korporatiboaren deriba, bestetik, gure Poliziaren osasuna arduragabeki degradatzen ari dira, gure herriaren autogobernuaren funtsezko tresna baita. Eta hau onartezina da.

Uste dugu garaiz gaudela prozesu hori iraultzeko. Mobilizatzeko garaia da; gutxienekoak adosteko eta Sailaren aurrean indarrez defendatzeko garaia. Hori da gure apustua.