Gaur, inoiz baino gehiago, ertzainok bat egingo dugu U-30eko greba orokorrarekin

2020/01/21
Gobernuek, aberastasunaren banaketan, pentsioetan, soldatetan eta eskubidesozialetan, hartzen dituzten neurrien eragina guk ere, ertzainok, sentitzen dugu? U-30eko greba nire alde ala nire aurka doa?

URTARRILAREN 30eko GREBA

Ondo dakizunez, pentsiodunen mugimenduak bi urtez baino gehiagoz eman du mobilizazioetan. Astero salatu izan dute pentsioen erosteahalmenaren galera eta astero eskatu pentsio duinak.

Baina oraingo lan-baldintzak eta bizi-baldintzak gogortu dira, eta “planto” egiteko beharra inoiz baino argiago dago, eta pentsiodunen esparrutik harago ere eraman behar da.

Ekonomia azken urteotan hazkunde-garaian badago ere, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da:

172.000 bizilagun pobrezian daude EAEn.

Euskal langileriak %10 galdu du eroste-ahalmenetik.

Hiru espainiar hauek: Amancio Ortegak, Sandra Ortegak eta Rafael del Pinok 14,2 milio espainiarren beste aitortzen dute ogasunaren aurrean.

Espainiarren %1ek aitortu dutena biztanleriaren %80en bestekoa da.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, non ELA ere partaide den, lekukoa hartu du, eta jauzi bat egiteko beharra agertu du lan-baldintzen, pentsioen eta bizimodu duin baten alde, hiru puntu hauetan oinarrituz:

1.- Pentsioak denon arazoa da, zeren denok gara edo izango gara pentsiodunak, denbora-kontua da.

2.- Lan-baldintza duinen aldeko borroka saihestezina da.

3.- Beharrezkoa da herritar guztioi eskubide sozialak eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea.

Eta gure agintarien erabakiek nola eragiten dute Ertzaintzan?

Gure agintarien erabakiek zuzenean eragiten dute gure lan-baldintzetan, gure pentsioetan eta gure zerbitzu publikoetan:

1.- Gure lan-baldintzetan:

Gure eroste-ahalmenetik %13 baino gehiago galdu dugu.

Pertsonalaren eskasia eta mugikortasun funtzionala eta geografikoa ikaragarriak dira.

Lanbide-karrera urria eta diskriminaziozkoa da.

2.- Gure pentsioetan:

Itzarri: 2012 eta 2016 bitartean ez diote ekarpenik egin Itzarriri, eta gaur egun ere egiten diren ekarpenak hitzarturiko zenbatekoaren erdikoak dira.

Erretiro-primak: etenda daude 2012. urtetik hona.

Pentsioen erreforma etengabeak: hiru aldetatik eragiten dute ertzainengan:

Ez da zenbatzen akademian emandako denbora.

Pentsioa kalkulatzeko, kotizazio-urte gehiago hartzen dira; beraz, pentsioaren zenbatekoa txikiagoa izango da.

Eroste-ahalmenaren bermea kendu da.

3.- Gure eskubide sozialetan eta zerbitzu publikoetan:

Zenbat eta pobrezia gehiago, orduan eta arrisku handiagoa lanean.

Hemengo Osasunean eta Hezkuntzan egiten den gastua, azken postuetan dago.

Osasunean:

EAE: %4,78

Estatua: %6 eta EB-28: %7.

Hezkuntzan:

EAE: %3,54

Estatua: %4 eta EB-28: %4,6.

Horregatik, ELAn pentsatzen dugu ertzainei modu zuzenean eragiten digutela gure gobernarien erabakiek, eta zoritxarrez greba egiteko eskubidea ukatzen badigute ere, urtarrilaren 30eko greba babestu behar dugu; gure agintariei ozen eta argi esateko herri honetako herritar guztiei lan, pentsio eta bizitza duina bermatu behar zaiela, eta zehazkiago Ertzaintzan puntu hauek bermatu behar zaizkigula:

Galdutako eroste-ahalmena berreskuratzea.

Kalean 8000 ertzain bermatzea.

Itzarrirentzako ekarpenak %3koak izatea.

Erretiro-primak berreskuratzea.

Lanbide-karrera diskriminaziozkoa ez izatea, beste sektore batzuen aldean.

Zerbitzu sozial eta publikoak kalitatezkoak izatea!!

2011 eta 2013 urteetako pentsio-erreformak indargabetzea.

Horregatik guztiagatik, gaur, inoiz baino gehiago, ertzainok bat egingo dugu U-30eko greba orokorrarekin.

Gaur zu, bihar ni

Tu pensión se decide hoy